Europako Batasuna. Goi-bilera prestatzen

Moody'sek oharra Espainiari: beste 25.000 milioi

Espainiako Gobernuak gastua askoz gehiago murriztu beharko duela uste du kalifikazio agentziak

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Moody's kalifikazio agentziak gogorarazi dio Espainiako Gobernuari oraindik murrizketen zatirik handiena egin gabe duela baldin eta aurten defizit publikoa BPGaren %4,4ean utzi nahi badu. Bere kalkuluen arabera, beste 25.000 milioi euro bildu edo aurreztu beharko ditu.

Kalifikazio agentziak atzo zabaldutako txostenaren arabera, orain arte Madrilgo gobernu berriak iragarritako neurriek 15.300milioi eurotan murriztu dezakete defizit publikoa: 8.900 milioi gastuan egindako murrizketei esker —funtzionarioei soldatak izoztuta eta haien ordezkapen tasa %10ean utzita— eta beste 6.300 milioi diru sarrerei esker —errenta zerga eta Ondasun Higiezinen gaineko Zerga igota—. Moody'sek txalotu egin ditu neurri horiek, baina «ezinbestekotzat» jo du gehiago egitea, Espainiaren finantzak «bide jasangarrian» jarri ahal izateko.

Iruzur fiskalaren aurka hartuko iragarritako neurriei buruz —mila eurotik gorako ordainketak dirutan egitea, esaterako—, Moodys'ek Europako Batzordearen ustea partekatzen du, hau da, ez direla oso eraginkorrak izango eta ezingo dituela horien bidez iragarritako 8.000 milioi euroak bilduko.

Gastua murrizteko neurrien artean autonomia erkidegoen finantzaketa «berehala» erreformatzeko eskatu dio Moody'sek Espainiako Gobernuari. Ildo horretan, ontzat hartu du erkidegoek beren aurrekontu proiektuak Madrilera bidaltzea oniritzia jasotzeko.

Autonomia kate motzagoan lotzeko helburu horrekin, Espainiako Gobernuak Zerga Politikako Kontseilua bildu nahi du datorren astean. Mahai gainean izango da, besteak beste, autonomiek beren enpresa eta erakunde publikoen kopurua murriztea. Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroaren arabera, posible da hilabete gutxiren buruan horietako 450 ezabatzea. Montorok ukatu egin du BEZa igotzeko asmoa dutela, eta aurki enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei zergak jaitsiko dizkiela iragarri du. Gainera, agindu du legegintzaldiaren amaieran «denek» zerga gutxiago pagatuko dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.