Egitura

Motownetik Dead Townera

Detroiteko hiru autogile handiak piztu egin dira, krisi latz baten ondoren, baina sortu ziren hiriaren gainbeherak ez du etenik

Ivan Santamaria.
2014ko urtarrilaren 19a
08:23
Entzun

Motown ezizena, motorraren hiria, harrotasunez eraman izan du beti Detroitek (Michigan, AEB). Han sortu, hazi eta hedatu ziren AEBetako hiru autogilerik handienak: General Motors, Ford eta Chrysler. Hiru konpainiek krisi gogorra izan dute, eta, Ford izan ezik, gobernu federalaren erreskatea jaso zuten betiko ez erortzeko. Arazoak gaindituta, indarberriturik daude enpresak, baina ez zaio gauza bera gertatu Detroit hiriari. Porrot egin zuen joan den uztailean, eta orain lotzen zaizkion ezizen ohikoenak Ghost Town eta Dead Town dira. Hiri hila, azken finean.

Ekonomiaren susperraldiari helduta, ibilgailu merkatuaren hobekuntzak mesede egin die Detroiteko hiru handiei. General Motorsek, esaterako, joan den urtean 9,7 milioi ibilgailu saldu dituela jakinarazi du asteon. 2009ko datuen aldean, %30 gehiago izan dira. Ez da izan aldaketa bakarra. Kontseilari ordezkari berria izendatu du konpainiak, eta, lehen aldiz, emakumea da: Mary Barry. Halaber, akziodunei dibidendua ordainduko die berriro: 22 euro xentimo akzio bakoitzeko. Ez zuen ezer ordaintzen 2008. urteko maiatzetik.

Egoera oso ezberdina zen orain dela lau urte: krisiak jota, 36.400 milioi eurorekin erreskatatu zuen Barack Obamaren gobernuak autogilea. Garai berriak ere hor islatu dira. Joan den urrian erreskatearen azken ordainketa itzuli zuen General Motorsek. Bidean 8.000 milioi euro galdu ditu AEBeko Gobernuak, eta, hortaz, zergapekoek. Prozesu traumatikoa izan da, 2007 eta 2010 artean langileen laurdena kendu zituen enpresak, eta hamaika lantegi itxi. Orain, AEBetako bost lantegitan ia mila milioi inbertituko dituela jakinarazi du.

Chrysler, Fiaten menpe

Aldaketa esanguratsuak iragarri berri ditu Chryslerrek, halaber. Urtarrilaren 1ean Fiatek iragarri zuen akordio bat lortu duela konpainiaren jabetza osoa eskuratzeko, langileen esku zeuden akzioak erosita (%41,5). Zati horren truke, 3.200 milioi euro inguru jarri ditu Italiako enpresak. Mugimendu horrekin bi konpainiak erabat bateratuko dira. Azken hilabeteotan langileen zatia burtsaratzeko aukera mahai gainean izan da, baina azkenean Sergio Marchionnek hitzarmen zuzen baten bidez eskuratu ditu.

Hiru handietatik txikiena Chrysler da, eta azken garaiak bereziki korapilatsuak izan ditu. 1998. urtean Alemaniako Daimler konpainiaren eskuetan geratu zen. Akordioak ez zuen sekula emaitza onik atera, eta 2007. urtean Cerberus inbertsio funtsak erosi zuen. Bi urte geroago, arazo ekonomikoetan itota, 9.200 milioi euroko erreskate publikoa jaso zuen. Okerrena gaindituta, parte hori saldu zion AEBetako Gobernuak Fiat autogileari, jarritakoan %90 berreskuratuta.

Erabakiarekin "auto ekoizle global" bihurtu nahi dutela azpimarratu dute Fiateko agintariek. Ondorioak izango ditu Atlantikoaren bi aldeetan. Esaterako, negozioaren atal eta erabakigune batzuk AEBetara eramateko aukera bolo-bolo ibili da, edo, are gehiago, egoitza nagusia Italiatik lekualdatzea. Edonola ere, Fiatek esan du aldaketa hori ez dagoela erabakita, baina presio handia jarri du Italiako Gobernuaren bizkarrean.

Milaka milioiren galerak izanik ere, Ford izan zen laguntza publikorik gabe aurrera ateratzea lortu zuen bakarra. AEBetan auto salmentak izan duen gorakada nabaritu du. Salmentak %10 handitu ditu, eta urtean gehien saldu den ibilgailua ere harena da. Hori dela eta, hiruhileko ematen duen dibidendua %25 handituko du. 2012. urtean hasi zen berriro Ford akziodunei ordaintzen, eta bitarte horretan hiru aldiz igo du ematen duen diru kopurua.

Merkatuko albiste gehienak Detroit Auto Show azokaren esparruan egin dituzte autogile nagusiek. Garai onak bueltan direla azpimarratzen ahalegindu dira hiriko enpresak. Hiruren artean 15 milioi auto baino gehiago saltzen ari dira; haiek dituzte AEBetako merkatuan salmenta handienak: hiruren artean merkatu kuotaren %45 kontrolatzen dute. Ez da garai batekoa, baina buelta eman diote krisiaren aurretik jasaten ari ziren merkatu kuotaren galerari.

Hiltzear dagoen hiria

Marka handien itzulerak AEBetako industriaren indar erakusle gisa aurkeztu dute. Bitartean, ahituta, Detroit hiria bera hondoratzen ari da, etenik ez duen gainbehera gogor batean. Joan den urteko uztailean porrot ekonomikoa aurkeztu zuen udalak epaitegietan. Halakorik gertatu zaion AEBetako hiririk handiena da, eta 13.500 milioi euroko zorpetzea du pilatua. Eguneroko ordainketak aurrera atera ezinik, hiriaren etorkizuna administratzaileen eskuetan dago.

Lehentasunen metafora ezin hobea eskaintzen du egoerak. Gobernu federalak ontzat jo zuen auto ekoizleei milaka milioi ematea. "Garrantzitsuena enpleguak dira", arrazoitu zuten. Detroit hiriaren zorrak kitatzeko, ordea, ez da erreskaterik. Beste gauza askoren artean, epaileak ontzat jo berri du erretiratuta dauden langile publikoen pentsioak berriro negoziatzea. Horrek esan nahi du, ziurrenik, murrizketak ezarriko zaizkiela gaur egungo nahiz etorkizuneko pentsio ordainei.

Odolustea islatzen duten estatistikak behin eta berriro errepikatzen dira. Mende erdi batean populazioaren %60 galdu du. Bi milioi laguneko hiri handinahitsua izan ostean, orain 700.000 biztanle baino ez ditu. Ihesaldi horrek hustu ditu diru sarrerak: %40 jaitsi dira 60ko hamarkadatik. Langabezia tasa %16-18 bitarte da, iturriaren arabera, AEBetako batez bestekoa halako bi, eta lanean den biztanle kopurua erdira erori da. Alderik ilunena segurtasuna da: bortxazko delituen eta hilketa tasarik handiena du, alde handiz, gainera.

Beste borroka batzuk piztu dira hirian. Dirua biltzeko, Kevyn Orr porroteko administratzaileak DIA Detroiteko Arte Institutuko artelanak tasatzea eskatu zuen, gero Christies enkantearen bidez salgai jartzeko. Brueguel, Van Gogh eta Rembrandten koadroak dira, besteak beste. Lehen kalkuluen arabera, 330 eta 630 milioi artean lortzea espero dute, baina inor ez dago seguru, ez baitira sarritan halako harribitxiak enkantean izaten. DIAko kudeatzaileek, haserre, salmenta geldiarazi nahi dute, baina, oraingoz, justiziak ez die kasurik egin. Diru kontuetan, hiri baten ondarea eta historia ez dira libratzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.