Hitzetik Hortzerari ETBn aurrekontua murriztu zaion honetan, burtsan bezalatsu, motzetik hotzera goazela pentsa liteke. Itxura zatarra, motza, zuen burtsak; epela. Bada, asteon, epel edo motzetik hotzera egin du. AEBetako berrindartze ekonomikoak ez du bertsotzaletasunaren sendotasunik eta asteari %1,3ko artaziak pasata eman dute gure indizeek; 10.000 puntuen langaz beheiti dago Ibex-35 (-%1,66). Garai hobeak ezagutu izanaren irudipena du txerritxo ehiztarien ikuslegoak, baina, ez jokoa ez lehenaldia ez dira errenta. Beren jarduera hobetzea lortu zuten bakarrak, atzo, hiru akzio izan ziren: LaCaixaren zorro industriala batzen duen holding-a, Criteria (+%1,84); bertsorik sekula eman ez duen Telecinco (+%0,3) eta pototik (balioa errepikatzetik) gertu ibili zen Enagas (%0,04). 2.028 milioiren salerosketarekin, %2na pasa galdu zuten Iberdrola eta Santander erraldoiak; eta %1,5na pasa Edurnezuri, Repsol-YPF eta BBVAk.
Iberdrolak. (-%2,53) datorren asteazkenean plazaratuko ditu urteko lehen seihilekoari dagozkion emaitzak. Akzioko bost euroko langari eusten dio Gardoki kalekoak, baina maiatza hasieran, %10 gorago zegoen noiznahi kotizazio hori. Berriztagarrien gainsarien gaineko zalantzek eta Espainia eta Hego Euskal Herrian argindarra uste baino gutxiago garestitu izanak kalte egin die Renovables(-%2,06) ipotxari eta biei. Akziodun nagusi duen ACSrekin(-%1,12) duen auzibideak mesede handirik ez dio egingo, eta BBKri CajaSur esleitu izanak arreta (eta kapitala) eskatuko ditu.
Motzetik hotzera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu