Lan Kodearen Erreforma

Mugerreko pleitagunea blokeatu dute lan erreformaren aurka

Zazpigarren protesta eguna dute gaur Ipar Euskal Herrian, 'El Khomri' legearen aurka. Manifestazio jendetsua egin dute Baionan sindikatuek eta lan erreformaren kontrako kolektiboak deituta. Trenbideetako langileek ere bat egin dute greba deialdiarekin, eta adierazi dutenez, %98koa da jarraipena (Bideoa: Iparraldeko Hitza). [Youtube]https://youtu.be/03Vlcku6ty8[/Youtube]

maddi ane txoperena iribarren
2016ko maiatzaren 19a
08:06
Entzun

Goizean goiz elkartu dira lan erreformaren kontrako kolektiboak deituta, Baionako San Andres plazan, eta handik Mugerreko Europako pleitagunera joan dira (Lapurdi), lan erreformaren kontrako kolektiboak deituta. Enpresa ugari daude bertan, bereziki merkantzien garraioari lotutakoak, eta baita Ipar Euskal Herriko kostaldeko La Poste-ko banaketa gunea ere. Ekonomia "blokeatzeko" deia egina zuen gaurko El Khomri legearen aurkako kolektiboak, eta halaxe egin dute industrialdean. Sartze eta ateratzeak itxita enpresetako langile anitzek ezin izan dute lantokietara sartu, hain zuzen, eta merkantziak zeramatzaten kamioi ugari gelditurik daude. Protestaren antolatzaileek azaldu dutenez, itxialdiaren ondorioz gaur ez da postarik iritsiko Miarritze, Baiona eta Angelu inguruetara, bertzeak bertze.

"Badakigu jendea trabatuko dugula, baina ekonomia blokeatzea da gure helburua", azaldu du Jakes Bortairu kolektiboko kideak. Errepideak moztuta, hainbat auto pilatu dira industrialdearen kanpoaldean, eta jendarme auto bat ere hurbildu da gunera, baina ibilgailuen trafikoa antolatzera baizik ez da mugatu.

Greba deialdia trenbideetara ere iritsia da, atzotik. CGTko kideek diotenez, trenbideetako langileen %98 dira greban, eta tren guziak geldituak daude: "Macron autobusak soilik dira dabiltzanak". Atzo abiatu zuten greba trenbideetakoek, eta hemendik aitzina asteazken eta ortzegunero eginen dute. Atzo langileak Hendaiako tren geltokian batzartu ziren eta ondoren martxa egin zuten Intzurako industrialderaino.

Manifestazio jendetsua

11:00etan hasita manifestazio jendetsua egin dute Baionan sindikatuek eta kolektiboak deituta, El Khomri legearen aurka. Iragarri bezala, asteartean baino askoz jendetsuagoa izan da protesta. Goizean Mugerren bildu direnetatik batzuk ere bertan izan dira, eta ondotik berriro hara joateko deia egin dute. Mugerreko pleitagunea blokeatzen segitzea dute asmoa, izan ere.

Lan erreformaren kontrako mugimendua hedatzen ari da pixkanaka. Aste honetan, hain zuzen, sektore gehiago ari zaizkio batzen grebari. Findegietako langileak ere greba egiten hasi dira Frantziako leku batzuetan, eta garraiolari ugarik industrialdeetako sarbideak eta errepideak trabatu dituzte. Peio Dufau CGTko sindikalistaren ustez eragin handia izan dezake findegien trabatzeak: "Horiek petrolioa blokeatzen ahal dute, orduan, ondorioak izanen dira. Orain arte greba eta manifestaldi motzak ziren; orain sartzen gara mugimendu gogorrago batean".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.