Mugerreko Sagemcom enpresa berriz saldu nahiak langileen kezka sortu du

AIAC Amerikako taldea enpresa erosteko prest da; 264 lanpostuen geroa zalantzan dela diote sindikatuek

Greba eguna zuten atzo, Sagemcom enpresan, CFE-CGC, CGT, FO eta CFDTk deiturik. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Mugerre
2011ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Amerikako Carlyle taldeak ez du luzaz atxiki Mugerreko Sagemcom enpresa. Aurtengo udan erosi zuen enpresa, eta jada jakinarazi du honetaz bereizi nahi duela. Parean, AIAC American Industriel Acquisition Corporation taldea erosteko prest agertua da, eta otsailerako nahi lukete eskualdaketa egin.

Xede horrek bertako 264 langileen kezka sortu du, haien lanpostuen mantentzeari buruzko segurtasunik ez dutelako. Alarma gorria pizteko greba mugimendua egin zuten atzo, CFE-CGC, CGT, FO eta CFDTren arteko intersindikalak deiturik. Enpresa aitzinean elkarturik pasatu zuten goiza 80 bat langilek.

Sagemcomentzat aparte, bestetalde batzuentzat ere dabiltza ekoizten horko langileak, eta, justuki, bigarren ekoizpen mota hortaz du bereizi nahi zuzendaritzak. Segurtasun gisa, jardueraren %35 bermaturik segituko duela jakinarazi zien langileei. «Zifra horrek ez digu deus segurtatzen, lanpostuei buruzko bermea diegu galdatzen», zion atzo Gilles Tisset CFE-CGCko kideak. Orokorki, erabaki horren atzean izan daitekeen jardueraren deslokalizazioak ditu gehien «izutzen», Beñat Ondicol langileak aitortu duenez: «Sagemcomek lan anitz baditu, kontua da dena kanpoan eginarazten duela». Turkian, Txinan eta Kolonbian, eskulana merke pagatzen den herrietan, presente da Sagemcom.

Berez enpresa frantsesa da, baina gaur egun ez du lantokirik Frantzian; bai, ordea, Ipar Euskal Herrian, Mugerren hain zuzen. Gune horretako hiru langiletarik bi erabili gabe daude. 80ko hamarkadan, 800 langile baziren, gaurko egunean, aldiz, 264 dira. «Talde handi baten eskuetarik txiki baten jabegora joateak kezkatzen gaitu ere», zioen Jean-Mixel Goihenetxe CGTko kideak. Urtarrilaren 13an ukanen dute ondoko bilera.

Graphipole berriz harturik

Miarritzeko (Lapurdi) Graphipole taldearen segidari buruzko erabakia jakinarazi zuen herenegunBaionako komertzio auzitegiak: jarraitu egingo du, egun ziren berrogeita hamar langileetarik 20rekin. Hots, 30 gelditzen dira lan gabe. «Ikusiz hori zela berriz hartzeko genuen proposamen bakarra, ez dago gaizki; desagertu baino hobea da», zioten langile batzuek.

Bookstore liburutegia, Atlantica edizioak eta SAI imprimategia dira Graphipolen barne, eta ekainaz geroztik ziren haien geroari begira kezkaturik, zuzenketa judizialean ezarria izan zen ordutik. Miarritzen bereziki negozioen munduan nahiko ezaguna den Jean-Marc Galabertek du Graphipole bere eskutan hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.