Herbehereetako ogasunak Starbucksekin eta Luxenburgokoak Fiat Financerekin sinatu zituzten itunak legez kanpokoak direla erabaki du Europako Batzordeak (EB). Bruselaren arabera, itun horien helburua zen bi enpresa horiek ordaindu beharreko zergak "artifizialki murriztea". Erabakiaren berri eman du gaur goizean Margrethe Vestager EBko Lehia komisarioak.
Bi itunek moldaketa konplexuak eta era askotakoak zituzten. Azken finean, tresna horien bidez enpresaren etekinak leku batetik bestera lekualdatzen ziren, "inolako justifikazio ekonomikorik gabe". Funtsean, multinazional bereko filialen artean egindako diru mugimenduak dira. Mugimendu horiek merkatuan izango zituzten prezioa errespetatu gabe egin zirela ondorioztatu du ikerketak.
Erabakiari jarraituz, enpresei kobratu ez dizkieen zergak berreskuratu beharko dituzte bi herrialdeek. Pareko kopurua kalkulatu dute, gainera: 20 eta 30 milioi bitartean. Konpainiek etekinen truke benetan ordaindu dutenarekin alderatu du zenbatekoa Vestagerrek. Hala, Fiat Financek azken ekitaldian 600.000 euro ordaindu zituen Luxenburgon, eta Starbucks Manufacturing Herbehereetako filialak, 400.000 euro baino ez.
Enpresei modu bidegabean murriztutako zerga horiek berreskuratu beharko dituzte Luxenburgoko eta Herbehereetako gobernuek. Haatik, gobernu horiek legez kanpoko zerga itun horiek ahalbidetu zituzten arren, ez zaie herrialdeei inolako isunik jarriko.
Beste kasu batzuk martxan dituela gogoratu du Vestagerrek gaurko agerraldian. Apple erraldoi teknologikoari Irlandan emandako tratua, Amazonek Luxenburgon jaso duena, edo Belgikako zerga itun eskema ditu esku artean oraingoz Lehia komisarioak,