Finantza krisiak seko geldiarazi du hazkunde ekonomikoa. Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) bere aurreikuspenak aldatu eta aurten mundua bakarrik %0,5 haziko dela iragarri du, kopururik txikiena Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik. Ekonomia aurreratuen kasuan, atzeraldia espero baino sakonagoa izango da, gainera.
Behin baino gehiagotan ohartarazi du azken asteotan Dominique Strauss-Kahn NDFko zuzendariak: orain arte krisiari aurre egiteko hartu diren neurriak ez dira aski. Hitz horiek iragarpen ofizial bihurtu zituen atzo NDFk. Joan den urteko urritik hazkundeari buruz egin den hirugarren berrikuspena da, denak txarrerako.
Susperraldirako giltza, berriro ere, finantza erakundeen egoera dela azpimarratu du erakunde aldeaniztunak. Askotariko neurriak hartu badira ere, oraindik ziurgabetasuna handia da, eta finantza merkatuen tentsioa ez da jaitsi. «Susperraldi iraunkor bat ez da posible izango finantza sektorearen funtzionaltasuna bizkortzen ez den bitartean eta kreditu merkatuei trabak kentzen ez zaizkien bitartean», ohartarazi dute txostenean.
Gomendio zehatza bidali zaie gobernuei: beharrezkoa da finantza merkatuen galerak ezagutzea eta bankuen kapitala indartzea, kreditua berriro kalean jartzeko. NDFren arabera, aktibo kutsatuek 2,2 bilioi euroko galerak eragin dituzte, bakarrik AEBetan.
Ekonomia aurreratuetan atzeraldi larria espero du NDFk. Alemanian (-%2,5), Erresuma Batuan (-%2,8), eta Japonian (- % 2,6) izango da aurten kolperik latzena. AEBak ere ez dira atzeralditik libratuko, baina arinago indarberritu eta %1,6ko hazkundea izango dute 2010erako. Euroguneak, berriz, motelago gaindituko du krisia, eta heldu den urterako bakarrik %0,2 igoko da; aurten, %2 atzera egin du. Italiari edo Espainiari are gehiago kostako zaie, biek ere 2010. urtea hazkunde negatiboarekin amaituko dutela uste baitu NDFk.
Denak kalteturik
AEBen eta Europaren ahulaldietan Txinak, Indiak edo Brasilek ekonomiaren lekukoa hartuko zutela zioen teoria lurperatu dute NDFko txostenaren egileek. Herrialde horietan ere motelaldia bizkorragoa izango da, arazo propioak dituztelako. Besteak beste, aurre egin beharko diete esportazioen jaitsierari, kanpoko finantzazioaren desagerpenari, eta lehengaien prezioen erortzeari. Aurten, %3,3 bakarrik igoko dira garatzeko bidean dauden herrialdeak.
Eskaera sustatzeko politika irmoa ere eskatu du NDFk, finantza merkatuen eta ekonomia errealaren artean sortu den «suntsiketa espiralari» kontra egiteko.
Aurreikuspen ilun horiek bat datoz OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak espero duen langabeziaren hazkundearekin. Aurten mundu osoan lanik gabe dauden pertsonen kopurua hamazortzi eta 30 milioi artean handituko dela kalkulatu du. Egoerak okerrera eginez gero -NDFk atzo iragarritakoaren ildoan- kopuru hori 50 milioitik gorakoa izateko arriskuaz ohartarazi du.
«OITren mezua ez da alarmista, errealista da», azpimarratu du Juan Somavia erakundeko idazkari nagusiak. Besteak beste, aurreratu du krisiaren erruz pobreziaren aurka egindako aurrerapenak desagertzear daudela. Aurreikuspen ezkorrenak betetzen badira, beste 200 milioi langilek pairatuko dute munduan muturreko pobrezia. 1.400 milioi langile, mundukoen %46, bi dolar baino gutxiagorekin biziko lirateke.
Mundua, geldirik
Bigarren Mundu Gerraz geroztik inoizko ekonomia hazkunderik txikiena iragarri du Nazioarteko Diru Funtsak: %0,5
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu