ENPRESEN NAZIOARTEKOTZEA

Mundurako bidea ikasi du Txinako kapitalak

Etxeko lan kostu gero eta garestiagoek eta nazioartekotze estrategiek beste herrialde batzuetan lantegiak jartzera edo erostera eraman dituzte Txinako konpainiak.

Zigor Aldama.
2015eko irailaren 13a
09:30
Entzun

Txinako CNOOC petrolio enpresak AEBetako Unocal erosi nahi izan zuen 2005ean ia 9.000 milioi euroren truke, baina beldur politikoak operazio hori eragotzi zuen. Pasadizo horiek atzean geratu dira jadanik, eta kapital txinatarrari ongietorria egiten zaio orain, hala enpresak erosteko, nola bat egiteak gauzatzeko. Inbertsioak egiteko baleko kapitala da, alegia. Munduko bigarren potentziaren hazkundearekin batera, Txinako konpainiek munduratzeko nahi zuten abagunea lortu dute, Mendebaldea uzkurtu duen krisia dela tarteko. Eta aldi jakin batean heldu da aukera: hazkunde tasa erraldoiak bukatu direnean Txinarentzat. Asiako erraldoiaren miraria bideratu duen hazkundea azken 25 urteotako erritmo txikienean dago. Pekin eredu aldaketa bultzatzen ari da gainera, barne kontsumoak eta berrikuntzak kanpo merkatua ordezka dezaten ekonomiaren eragile nagusi gisa.

Prozesu horren gakoak ulertzeko, berriro 2005era begira jartzea komeni da, Txinako enpresen nazioartekotzearen lehen arrakasta gertatu zen urtera, hain zuzen. Lenovok —herrialde komunistatik kanpo marka ezezaguna artean— IBMren ordenagailu eramangarrien atala bere egin zuen. Kezka handia azaldu zuten askok, arriskuan ikusten baitzuten Mendebaldearen lehiatzeko abantaila. Etxean diseinatutako produktuak herrialde merkeetan fabrikatzea zen nazioartekotze estrategia horren ardatza, hain zuzen. Apokalipsia iragarri zutenek zioten goi teknologia eta enpresa kudeaketa eredu aurreratuak txinatarrei ematea Grial Santua ematea zela.

Horiek horrela, Lenovo munduko ordenagailu ekoizle nagusia da gaur egun, eta elektronikaren merkatuaren beste atal batzuetan sartu da. Iaz, Motorola erostearekin batera, are kezkatuago utzi zituen lehiakideak smartphone-en merkatuan urratsak egiteko prest dagoela erakutsita. Lenovo munduko marka da, beraz, eta mundu zabalean sortzen du enplegua, Mendebaldeko korporazioek baliatzen dituzten arma berdintsuak erabilita. "Multinazional bat ez da urrutira iritsiko herrialde bakar batean ekoizten badu", dio Alex Chenek. Lenovoren Zuk bigarren markaren fundatzailea da Chen. Herrialde bakar hori Txina bada, are gutxiago, lan eskuaren prezioa %15 igotzen ari baita urtero. "Dibertsifikazioa beharrezkoa da, ez bakarrik produktu bakar bati lotutako arriskuengatik, baita beste merkatuetan sartu ahal izateko erraztasunak lortze aldera".

Great Wall auto ekoizleak ere hala ulertu zuen orain bost urte; Europan ekoizpen planta bat zabaltzen lehena izan zen. Bahovitsa (Bulgaria) aukeratu zuen. Hilabete batzuk barru, bere 4x4 ezagunak Errusian ere ekoizten hasiko da. "Europarrak, estatubatuarrak edota asiarrak izan, gure lehiakideen pare egoteko teknologia eta ezagutza nahikoa lortu ditugu. Baina, orain, kapital gehiegi dago Txinan, eta merkatua moteldu egin da; hala, gure marka atzerrian bultzatzeko aukera egokia ikusten ari gara", azaldu du Great Walleko nazioarteko ataleko buruak, Roger Wangek. "Beste merkatuetan arrakasta edukitzeko ez da nahikoa ibilgailuak esportatzea, sustraitu egin behar da". Autogile europarrek edo estatubatuarrek Txinari buruz aurretik esandakoak, orain txinatarren eskutik.

BYDn ere hala uste dute. Auto elektrikoen ekoizleak lantegiak ditu hiru kontinentetan, eta ez bakarrik gorabidean diren herrialdeetan. Fortune aldizkariak mundua aldatzeko gai diren enpresen zerrendan sartu du BYD Kalifornian duen plantari esker.

Volvoren berpiztea

Autogintzan, gainera, beste kasu eredugarria dago, Geelyrena. 2010ean Volvo erosi zuten txinatarrek, eta, ordutik, Suediako ekoizleak hazkunde esanguratsua lortu du. "Kiebra jotzekotan zegoen enpresa; gerorik gabea zen, baina Li Shufuk hartu zuenetik 10.000 lanpostu sortu ditu Europan", dio Pedro Nuenok, China-Europe Business Schooleko zuzendariak. XC90, Volvo bereganatu eta merkaturatutako lehen modeloa, arrakasta biribila izan da; Txinako merkatuaren ateak zabaltzea ere lortu dute modeloari esker.

Kontua da gero eta gehiago direla mundu osoan eta sektore guztietan Txinako kapitalak erosten dituen atzerriko enpresak. Euskal Herrira ere iristen ari dira halako operazioak. Abuztuaren 31n jakinarazi zuten Changyu Pioneer Winek Marques del Atrio upategiaren zati bat erosi zuela. Mendabian (Nafarroa) dago upategia, eta Errioxako sor-markako bost ekoizle handienetan dago. Nafarroako ardoa ere ekoizten du, Corellako mahatsekin.

Erosketa horiek badituzte arazoak. "Enpresa pentsamolde desberdinek zailtasunak eragiten dituzte bat egite eta erosketa prozesu konplexuetan. Txinako kulturaren ezaugarri propioak kontuan edukita, logikoa da herrialde horretako enpresen operazioak zailagoak gertatzea". Hala uste du Wei Wenmingek, Fudan unibertsitateko Nazioarteko ekonomiako irakasleak. "Logikoki, Txinako konpainiak egokitu egin behar dira sartu nahi duten merkatuen araudietara, eta kontsumitzaileen balioak zein diren ikasi. Hori ezin da berehala lortu, baina Japoniarekin eta Hego Korearekin gertatu zen antzera, gero eta adibide arrakastatsu gehiago dago. Eta egungo egoera ekonomikoa egokia da Txinako marken nazioartekotzeak aurrera jarrai dezan".

Arriskua duten operazioak direla uste du Babyauto haurrentzako autoetako eserlekuen ekoizlearen zuzendariak, Gabriel Eizagirre gipuzkoarrak; Babyautoren bigarren mailako marka bat lehiakide txinatar bati saldu dio , Eizagirrek. "Txinako teknologia asko hobetu dute, eta badira produktuak Europako teknologiarekin baino hobearekin eginak. Baina alde handiena Txinako enpresen gosea dago, AEBetako multinazionalen parekoa baita. Ez dakit onerako edo txarrerako izango den, baina horrek munduko industriaren norabidea finkatuko du XXI. mendean. Eta beldur pixka bat ematen du".

Badira, ordea, Txinako hedatzea aukera gisa ikusten duten herrialdeak, adibidez India. Nerendra Modi lehen ministroak Make in India (Indian egin ezazu) plana bultzatu du berriki. Azpiegiturak eta diru laguntzak jasotzen ditu planak atzerriko inbertsioa erakartzeko. 2022rako, Indiako BPGaren %22 industriak ordezkatzea du helburu gobernuak, orain baino lau puntu gehiago. Bada, plana arrakasta handia izaten ari da Txinako enpresen artean.

Abuztuaren 11n erakutsi zuen hori Xiaomik: Red Rice 2 Prime, Indian egindako lehen sakelako adimentsua Visakhapatnemen plazaratu zuen, "Modiren ekimenarekin hartutako konpromisoaren erakusgarri". Txinako etxea orain bost urte sortu zen, eta, dagoeneko, munduan telefono gehien saltzen dutenen artean laugarrena da. Andhra Pradesh estatu behartsura iritsi zen Xiaomi Foxconnen eskutik. Taiwango erraldoi horrek ia milioi bat langileri ematen die enplegua Txinan, batez ere iPhone ezaguna ekoizteko. Orain 4.500 milioi euroko inbertsioa iragarri du Indian Foxconnek, Make in India-k erakarritako garrantzitsuena. "Herrialde hori oinarrizkotzat jotzen dugu Industry 4.0 gure estrategiaren barruan", dio Terry Guo Foxconnen fundatzaileak.

Izan ere, lortu duten garapen mailara iritsita, Txinako markak deslokalizazioan murgildu dira, ekoizpena herrialde merkeagoetara eramateko, Mendebaldeko euren lehiakideek Txinarekin egin zuten modura. Xiaomik aurrea hartu zuen uztailean Brasilen lurreratu zenean. Red Rice 2-ren oinarrizko egokitzapena ekoizteko. Dena den, enpresako iturri batzuek aitortu dute Brasilek inportazioari jarritako zergak daudela operazioaren atzean, eta ez hainbeste ekoizpen kostuak. ?Brasil da gure lehen urratsa Ameriketan?, Hugo Barra nazioartekotzeko arduradunak esan duenez. Mexikon ere jarri ditu begira Barrak. Baina, aurrez, Xiaomik Indiara egin du salto, eta ez bakarrik ekoizpenerako erakargarria delako. "Sakelakoak tokian tokiko ekoizpenaren bidez merkaturatzea pauso garrantzitsua da Xiaomi Indiako ehun industrialean sustraitu dadin. Gainera, Indiako kontsumitzaileengana hurbilduko gaitu horrek". Hugo Barrak garbi dauka estrategia.

Ez alferrik, Indiako merkatua Txinakoaren alternatiba bihurtu da. Oraindik ere munduko merkatu handiena den arren, Txinako telefono salmentak %4 jaitsi dira aurtengo lehen seihilekoan. Azken sei urteotako datu txar bakarra da, eta baliteke oztopo nagusia bilakatzea Xiaomik 100 milioi sakelako saltzeko helburua bete ez dezan. Izan ere, alor horretako enpresen aurreikuspena da merkatua are gehiago uzkurtzea, marken arteko desberdintasunak txikiegiak direlako, besteak beste.

Indian, berriz, aurkako joera dago: 2013ko lehen seihilekoan sei milioi smartphone saldu ziren, eta aurtengo apiril eta ekainaren artean 26,5 milioi. Gainera, mendebaldeko merkatuetan dagoen Made In China-ren aurkako joerarik ez dago Indian, ez behintzat hain nabarmenak.

"Txinako markentzat aukera paregabeak eskaintzen ditu Indiako merkatuak, bezeroek asko estimatzen dutelako kalitatearen eta prezioaren arteko oreka. Gainera, oraindik biztanle ugari daude sakelakorik gabe: 2014an, 140 milioi indiarrek zuten smartphone bat; 2019rako 650 milioi izatea espero dugu. Baina ez da erraza izango arrakasta edukitzea, Txina eta India oso desberdinak baitira pentsamoldeari begira, eta tradizio gutxi baitaukate bien arteko negozioek". Meizu etxeko presidentearen albokoak azaldu du egoera, Li Namek. Aste gutxi barru, Indian saltzen hasiko da.

OnePlusek, duela bi urte baino gutxiago jaiotako etxeak, bete-betean asmatu zuen 2014an One bere lehen telefonoarekin. Bada, Txinan dauzkan ekoizpen lerroak uzteko prest dago, eta bere hirugarren sakelakoa Indian ekoizten hasteko. "Munduko markatzat dugu geure burua, eta beste edozein multinazional gisa ekoizpen oinarri hoberena lortu behar dugu. Make in India programa oso interesgarria da, eta han ekoizteak abantaila handia ekarriko liguke", dio Carl Peik, OnePluseko fundatzaileetako batek.

Hala OnePlus, nola Xiaomi eta Meizu Internet sarearen bidez saltzen dituzte euren produktu gehienak, eta horrek salneurri merkeak eskaintzeko aukera eman die euren lehiakideekin alderatuta. Xiaomiko zuzendaritzako kide Hugo Barrak adierazi duenez, ordea, sistema horrek baditu bere mugak ere. "Oraingoz, bakarrik biztanle asko dituzten merkatuetara joatea merezi digu, betiere salmenta elektronikoa egiteko azpiegitura baldin badago".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.