Galduta. Horrela ikusten du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak ezkerreko alderdi politikoak. “Nafarroan aldaketa iritsi dela esaten dute, baina gobernuak garrantziarik gabeko zerga erreforma bat egin du Geroa Bai, EH Bildu, Ezkerra eta Ahal Duguren babesarekin”. Hori ez da aldaketa politiko eta soziala, bere esanetan. Horri aurre egiteko, ezkerrak eskuniarekin eduki behar duen eztabaida ideologikoari “uko ez egiteko” eskatu dio ezkerreko alderdi politikoei. “Ezin dena da alderdi bat boterera iritsi, aldaketa bideratuko duela esan, eta ondoren merkatuen araberako politikak egin”. Grezian gertatu zenetik ezkerrak hausnarketa egin behar duela ere esan du.
Jaurlaritzarentzako ere hitzak izan ditu. Defizit muga bete izanagatik Iñigo Urkullu gustura azaldu izanagatik kritiko zuzendu zaio Muñoz, “muga horretara murrizketak eginda iritsi baita”. Erabaki politikoak patronalak esaten dionaren baitan hartzen dituela leporatu dio, eta negoziazio kolektiboaren inguruan epel jokatzea. “Duela 22 urte negoziazio kolektiboaren zentralizazio saiakera bat egin zuen Espainiako Gobernuak, eta EAJk garai hartan horren kontra jokatu zuen. Orain, ordea, jokabide hori berriz ikusi nahiko genuke”.
Adierazpen horiek guztiak 3.500 ordezkariren aurrean egin ditu, prekaritateari aurre egiteko abiatuko duten kanpainari hasiera emateko. Mitinaren ondoren manifestazioa egin dute Bizkaiko Diputazioraino.