Muñoz: «Krisia sortu duen politika zalantzan jarri duen alderdirik ez dugu entzun»

Greba orokorrerako «motorrak berotuko» ditu ELAk Bilboko kaleetan Maiatzaren Lehenean

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2009ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Maiatzaren 21erako gehiengo sindikalak deitutako greba orokorrerako arrazoi «guztiak» dituztela berretsi zuen atzo Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak. Izan ere, Eusko Jaurlaritza berria osatuko dutenei ez die zerga eta gizarte politikak aldatzeko asmorik ikusten; are gehiago, «krisia sortu duen politika zalantzan jarri duen alderdirik» ez dutela entzun gaineratu zuen. Aitzitik, patronalari «eskatzen duen guztia» ematen dion administrazioa ikusten du Muñozek.

Maiatzaren Lehenari begira ELAk antolatutako ekitaldien berri emateko agerraldia egin zuen atzo sindikatuko buruzagiak, Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoarekin batera. Esan zutenez, ostiralekoa greba orokorrari begira «motorrak berotzeko eguna» izango da. Gizartea «demokratikoki astindu» nahi dutela azaldu zuen Muñozek, patronalak eta gobernuek «haien kabuz eta beste inork ezer esan gabe krisia kudeatzeko desira antidemokratikoaren» aurrean.

Enpresaburuek gobernuei egiten dieten «xantaia» salatu zuen ELAko buruak: «Krisi honetara eraman gaituzten neurrietan sakontzera behartu nahi dituzte». Langileen eta lan baldintzen aurkako «erasoak» ere gaitzetsi zituen, «soldatak murriztu eta malgutasun neurriak eskatzen dituzte, krisia langileek ordain dezaten». Neurri horiekin, alabaina, «enplegu duina lan prekarioarekin ordezkatu» baina lanpostu berririk ez dela sortuko ziurtatu zuen Muñozek.

Hego Euskal Herriko administrazioei buruz, bestetik, hamabost urtean hazkunde ekonomikoa eman den arren, «Europako gastu sozialik baxuena izaten jarraitzen» dutela salatu zuen. Horren harira, urteotan «espekulazioan aritu direnak zigortzeko» zerga politika egiteko prest dagoen gobernurik ez egotea deitoratu zuen.

Aldarrikapena eta ospakizuna

Aurtengo Maiatzaren Lehena «testuinguru berezian» datorrela azaldu zuen Amaia Muñoak. Krisia dela eta, langileen aurkako erasoak salatu eta aldarrikapenerako eguna izango dela esan zuen. Era berean, maiatzaren 21eko greba orokorrari begira, kalera ateratzeari oso garrantzitsua iritzi zion idazkari nagusiaren albokoak, «aurretiko prestaera» gisa.

ELAk Bilboko Jesusen Bihotza plazan egingo du hitzaldi nagusia, 11:30ean. Bertan, Adolfo Muñozek eta Patxi Agirrezabalak hartuko dute parte. Ondoren, manifestazioa egingo dute Plaza Biribileraino. Aldarrikapenak ez ezik, ospakizunak ere lekua izango duela esan zuen Muñoak. Horregatik, urteroko bazkaria egingo dute Barakaldoko BEC erakustazokan, 14:30etik aurrera. Bertan, 5.000 lagun baino gehiago bilduko dituzte.



Elkartzen-ek ere bat egin du grebarekin, diru publikoaren «lapurreta» salatzeko

Greba orokorra egiteko nahiko arrazoi badaudela uste du Elkartzen-ek, eta bat egin du maiatzaren 21erako gehiengo sindikalaren deialdiarekin. Gizarte eskubideen aldeko plataformaren arabera, «instituzioak eskuz esku dabiltza patronalarekin, eta haien artean sortu duten krisitik langile klasearen bizkar atera nahi dute». Elkartzen-ek uste du diru publikoa «lotsagabeki lapurtzen» ari direla, bankuei lagunduta, AHTaren edo autobideen bidez «eraikuntzaren lobby-a hondotik aterata», patronalari zergak kenduta edo enpresaburuek kalera bidalitako langileei langabezia saria emanda. Hedabideekin ere kritiko da Elkartzen: «Arpilatzea ezkutatu dute, eta esaten dute ezinbestekoa dela gizartearen onerako. Eta propagandak funtzionatzen ez badu, mehatxu egiten gaituzte lan erreformekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.