Azken lau urteetako kudeaketa txostena aho batez onartu zuen atzo ELAko 14. Kongresuak, eta gaur batzorde eragilea bozkatu dute. Hau da, datozen lau urteetarako zuzendaritza. Adolfo Muñoz idazkari nagusi posturako berretsiko dute, berea baita hautagaitza bakarra. 16:00etan eman dituzte emaitzak: aldeko 623 boto (%87,5), aurkako 73 (%10,25), hamasei zuri (%2,25) eta hiru baliogabe.
[Youtube]https://youtu.be/zN_c3rdN240[/Youtube]
Bozketaren ondoren hartu du hitza Muñozek, eta horrek amaiera emango dio kongresuari.
Gaur goizean, bestalde, kongresura gonbidatutako beste sindikatuek ere hitz egin dute ELAko batzarkideen aurrean. Etxalde, ESK, Steilas, ELB, Hiru eta LABen hitzartzeak izan dira, hurrenez hurren. Ikusmin handiena azkenengoak eduki du, kongresu honetan bi sindikatuen arteko aliantzan sakontzeko estrategia onartuko baitu ELAk. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak begi onez ikusi du, eta ildo horretan sakontzeko beharra ere bere egin du: “Bi proiektu ezberdin gara, baina Euskal Herriak behar du bakoitza berean ez gotortzea”. Aliantza hori lortuta, “esparru sindikal, sozial eta politikoan dena irabazteko” dutela aldarrikatu du Aranburuk.