Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak interpelazio zuzena egin die euskal alderdi politikoei, irailaren 26rako greba orokorrera deitu duten sindikatu eta gizarte eragileek Bilbon egindako agerraldian. Muñozen esanetan, "desobedientziarik gabe, ez dago berezko politikarik".
Hala, "Raxoik agintzen duena" egingo duten galdetu die euskal alderdiei. Datorren urriaren 21eko hauteskundeei begira, "leloak eta kalkuluak” alde batera uzteko eta euren proposamenak “zehazteko” eskatu die alderdiei Muñozek. Espainiako Gobernuaren neurriei "men" egitekotan, Euskal Herriko indar politikoek "alternatibarik ez dagoela" onartuko lukete ELAko idazkariaren aburuz.
“Alarma egoeran”
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren iritziz, "mobilizazio agenda propioa" finkatzea sindikatuon "erantzukizuna" da. "Oso ikasturte garrantzitsuaren aurrean gaude", azaldu du. Euskal Herriko langileria "alarma egoeran" dagoela esan du, eta egoera horri buelta ematea "urgentea" dela gaineratu. Etxaideren aburuz, "hori bakarrik gertatuko da gobernuak behartzen baditugu politikaz guztiz aldatzera". Halaber, grebara "ahalik eta modu bateratuenean" deitzeari garrantzi handia eman dio.
Bestalde, Espainiako Gobernuaren gizarte politikak "egin daitezkeen bakarrak" direla ukatu du Etxaidek: "Jendea miseriara kondenatzea hautu politiko bat da". Politika horiek "kalera aterata" alda daitezkeela uste du LABeko idazkari nagusiak. Haren esanetan, grebak "alternatiba zabaltzeko" balioko du.