Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea “suminduta” azaldu da aste honetan Kantabriak enpresak erakartzeko bost urterako doako lursailak eskaintzen dituelako. Europako Batzordearen legediatik at dauden laguntzak direla gogorarazi du. Hain zuzen ere, hori horrela dela esateko Eusko Jaurlaritzak eta euskal ogasunek esperientzia handia dutela esan du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak: “Ondo asko dakite legez kanpoko laguntzak direla, eurak direlako opor fiskalen bultzatzaileak. Auzi horrekin izandako esperientziak bideratu ditu ondorio horretara”. 90eko hamarkadan enpresa berriei emandako laguntzak legez kanpokotzat jo ziren, eta horren ordaina hiritar guztiek ordaindu behar izatea salatu du Muñozek: “Europako ebazpena behin betiko baieztatzen bada, 64 milioi euro ordaindu beharko ditugu denok ogasunen axolagabekeriagatik”.
Baina ez dira Jaurlaritzaren aurka izan dituen hitz bakarrak. Izan ere, gaur goizean Lanbideren egoera zertan den aztertzeko bilera konfederala egin baitu sindikatuak Bilbon. ELAk mobilizazioekin aurrera jarraituko duela aurreratu du, euskal enplegu zerbitzuko bulegoetatik 200 lanpostu “amortizatzeko” asmoa duelako Juan Maria Aburto Enplegu Sailburuak. “Lanbiden egiten ari direna lardaskeria hutsa da”. Besteak beste, langileek kudeaketa aipatu du Muñozek. “Gemma Zabaletak [aurreko Enplegu Sailburua] gaizki egindakoa ez dela bere ardura, hori dio Aburtok. Baina Lanbiden gertatzen dena admnistrazio guztiaren ardura da”.