Espainiako 2013-ko aurrekontuak

Muñoz: "Erakundeek zorrarekin duten obsesioak ez du zerikusirik langabeziarekin dutenarekin"

Espainiako Gobernuak ostiralean aurkeztu zituen aurrekontuen ondorioz "lagabezia eta pobrezia hazi" egingo da, ELAko idazkari nagusiaren esanetan. Hego Euskal Herriko erakundeei ere dei egin die beste behin ere, murrizketen aurrean desobedientziara jo dezaten.

Berria.info
2012ko urriaren 1a
19:12
Entzun

"Aurrekontuak hauteskundeak bezala dira, esandakoa egiten ez baduzu, ez da ezer gertatzen". Horrela esan du gaur goizean Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak. Ostiralean aurkeztu zituen Espainiako Gobernuak datorren urterako aurrekontuak, eta beteko dituen jakin gabe ere, sindikatuko ordezkariei ez zaizkie gustatu. Mikel Noval gizarte gaietako arduradunaren esanetan, "bizi eta lan baldintzetan atzerakada izugarriak iragarri dituzte". 2013ko estatuko aurrekontu proiektuak aurtengoarekin alderatuz gero, %5,6 haziko da, hau da, 8.933 milioi euro gehiago izango ditu estatuak eskura. Baina diru kopuru hori eta gehiago zorraren interesak ordaintzeko izango da. Izan ere, atal hori 9.742 milioi eurotan haziko da, eta 2012ko aurrekontuekin alderatuta, %33,8 haziko da zorra ordaintzeko erabiliko den diru kopurua. Aurtengo aurrekontuen %22,7 horretara bideratuko da. Eta neurri horiek guztiek guztiek arlo sozialean zeresana izango dute.

Pentsioak %1 igoko dira datorren urtean, "baina gobernuak ez du esan pentsiodunek berreskuratuko ote duten aurten galdutako erosteko ahalmena", Novalen esanetan. Iraileko urte arteko KPIa %3,5ean dago, beraz, "badirudi ez dela halakorik gertatuko. Bestela, ezinezkoa da pentsioetako gastua aurrekontuetan jasotako mailan egotea". Langabezia sariaren gastua, bestetik, murriztu egingo dela aurreikusten da, "gobernuak jakin badakien arren langabetuen kopuruak gora egingo duela". Erabaki horiek guztiak gogor salatu ditu ELAk, "esparru sozialetik kentzen ari baitira interes finantzarioei ematen ari diren guztia", Muñozen esanetan.

Baina egungo egoera hori ulertzeko, atzera begiratu behar dela esan du ordezkari sindikalak. Eta zorraren interesak ordaintzeko lehentasuna, "duela urtebete PSOE, PP eta UPNk adostu zuten Espainiako Konstituzioaren erreforman dauka abiapuntua". Bertan, defizita murriztea lehentasunezkoa izatea bultzatu zuten alderdiek, "arlo soziala bigarren mailan utziz". Hori ikusita, murrizketen bidea bakarrik geratzen zaiela kritikatu du Muñozek, "eta oraindik ez dut PSOEko ordezkaririk ikusi erabaki horretaz damutzen". Politika kinka larrian dagoela ohartarazi du, eta hauteskundeetan aldarrikapen ezberdinak edukita ere, ondoren denek berdina egiten dutela esan du ELAko buruak.

Salaketak egin eta gero, deia egin die Hego Euskal Herriko ordezkariei: desobeditu dezatela, "bestela ez da autogobernurako esparrurik geratuko". Beraz, tarte estu horiek onartuko badira, "politikarenak egin du". Eta hori horrela izan ez dadin, ELAk mobilizatzen jarraituko duela esan du. Ildo horretan, irailaren 26ko greba orokorraren lehen balorazioa egin du Muñozek. "Bistakoa da arrakastatsua izan zela. Jendeak beldurra dauka, baina baita mobilizatzeko gogoa ere".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.