ekonomia

Muñoz: "Estatutu eguna ospatzea edo ETBko eguraldi mapa aldatzea baino erreforma handiagoak behar ditugu"

Finantzen Euskal Kontseilua egin ondoren, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak Madriletik datozen politikei desobeditzeko eskatu du beste behin ere. Izan ere, Espainiako Gobernuak erkidego autonomoei 2013rako ezarri den defizit publikoa onartzeak —BPGaren %0,7—, murrizketak ekarriko dituela dio.

Lander Muñagorri Garmendia.
2012ko urriaren 25a
16:02
Entzun

Finantzen Euskal Kontseilua Legebiltzarrerako hauteskundeak egin eta bi egunera bildu da. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren hitzetan, "hauteskundeetan zerga politikaren inguruko proposamen ugari entzun ziren arren, hauteskunde gaua behin igarota, inork ez du zerga erreformarik eskatu bilera horretan". Gauzak horrela, datorren lehendakariak murrizketak egin beste aukerarik ez duela izango ohartarazi du.

Izan ere, Finantzen Euskal Kontseiluan Espainiako Gobernuak 2013rako erkidego autonomoei ezarri dien %0,7ko defitzit publikoaren muga onartu dutela salatu du Muñozek, eta horrek murrizketa gehiago ekarriko dituela. Izan ere, defizit muga horrekin, "gastua 523 milioi euro txikiagoa izango da, eta hurrengo urteko diru sarrerak ere 300 milioitan jaitsiko dira", Mikel Noval arlo sozialeko arduradunak esan duenez. Horregatik, aldaketak eskatu ditu Muñozek: "Estatutu eguna ospatu, edo ETBko eguraldi mapa aldatzea baino erreforma handiagoak behar ditugu".

Astearteko bileran lau alderdietako ordezkariak —EAJ, Bildu, PSE-EE eta PP— egon zirela azpimarratu dute ELAtik, eta bertan aldaketa proposamenik egin ez denez, "murrizketen agendarekin jarraitzea adostu dute". Egoera horren aurrean, desobedientziarako deia die sindikatuak. "Behar sozialak politika neoliberalen gainetik jarri behar dira, eta horretarako aldaketak behar dira", Muñozen ustez. Sindikatuak, egoera horri buelta emateko, urte hasieran zerga sistema aldatzeko hasi zuten mobilizazioen kanpainari jarraipena emango diola ohartarazi du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.