Eusko Jaurlaritzaren nahiak patronalarekin bat datozela salatu du Adolfo Muñozek: "Lanaldi handiagoa eta soldata txikiagoa da Jaurlaritzaren planteamendua".
"Gogorra" da egoera, eta gobernu guztiek gauza bera egiten dutela uste du. Jaurlaritzaren erabakiarekin "hautsi" egin da negoziazio kolektiboa, Muñozen ustetan, eta nabarmendu du langabezia "zurigarri" moduan erabiltzen ari direla beste hainbat gauza egiteko.
Aurrekontuen inguruan esan du "murrizketak murrizketen" gainetik izango direla, eta langabezia gehiago eta pobrezia gehiago ekarriko dutela iritzi dio. "Badago beste alternatiba bat. Murrizketak egitea aukeratzen duenak nahi duelako aukeratzen du, ez alternatibarik ez duelako".
Patronalaren jarrera ere salatu du. Haren arabera, "kontrajarritako interesak" daude, eta horren aurrean sindikatuen helburua jendea antolatzea da, horrela helduko delako alternatiba. Uste du patronalak gobernutik "nahi duen guztia" jasotzen duela.
Mobilizatu beharra
Mobilizazioekin jarraitzea beharrezkotzat jo du Muñozek: "Mobilizazioek ekar dezakete aldaketa". ELAko idazkari nagusiak azaldu duenez, orain arte greba orokorrera deitu dute testuingurua horretarako egokia zelako, ez bat edo beste gobernuan zegoelako.
Itun kolektiboen gainean gogorarazi du 50 eguneko grebaren ondoren Bizkaiko gasolindegietan akordioa lortu dutela, baita paperaren arloan ere. "Mobilizazio gabe onartzen ari diren itunekin patronala nahi duena lortzen ari da".
Confebaskek industria sarea "hiltzen" ari dela esan berri du; Muñozek hala erantzun dio horren gainean galdetuta: "Kutxabank zer egiten ari da diruarekin? Zergatik ez dago krediturik enpresentzat?".