Langabeziak gora egin arren sarietarako diru kopuruak behera egin duela salatu du ELAk gaur goizean. “Murrizketa eta doikuntza politiken ondorioz, 2013ko abenduko gastua azken bost urte hauetako txikiena izan da”, esan du Mikel Novalek, arlo sozialeko arduradunak. Zehatzago izatearren, 126,9 milioi euro eman ziren langabezia sarietarako, urtebete lehenago baino 20,2 milioi gutxiago. Egoera sozial eta ekonomikoaren azterketa-n, sindikatuak adierazi du langabeen %48k ez dutela inongo laguntzarik jasotzen. “Oso kezkagarria da inolako laguntzarik jasotzen ez duen langabe kopuruaren bilakaera hori”. Eta aurkeztutako datuek ere hori erakusten dute: 2009an 51.562 langabek ez zuten langabezia saririk jasotzen, eta iaz 104.971ra igo zen kopuru hori.
Eta egoerak okerrera egin dezakeela salatu du Adolfo Muñoz idazkari nagusiak, “erreforma gehiago” iritsiko direlako. Adibidea ere jarri du. Aurten Eusko Jaurlaritzak 800 milioi euro ipiniko ditu zor publikoa ordaintzeko, eta datorrenean 1.000 milioira iritsiko da zenbateko hori. “Zorrarekin, aurrekontuak eta gobernuak menderatzen ari dira”. Eta horrek lanpostuetan ondorioak dakartza: “Langabezia lan prekarioa sortzeko erabiltzen dute, era horretan lan esparruari gizatasun guztia kenduz”.
Egoera horri aurre egiteko, lan zentroetan gatazkak gora egin du, eta Muñozek defendatu egin du hori. “Grebak daudenean, hori demokraziaren sintoma da, injustizia baten ondorio”. Eta gogora ekarri du grebei esker lan baldintzak hobetzen direla. “Soldaten igoera lortzen da modu horretan”. Baina begirada guztiak euren gainean sumatzen ditu sindikatuak, “gaur egun dauden desoreka guztien erantzulea ELA izango balitz bezala”. Baina idazkari nagusiak euren jarduna defendatu du: “Hori ez da horrela; horren aurka borrokatu besterik ez dugu egiten”.