Muñozek aurkeztu du gaur goizean sindikatuak pentsioen erreformaren inguruan egindako txostena. Haren aburuz, "pentsio kaskarrak eta lan prekarioak lehenesten dituen filosofiaren ondorio" dira pentsioen inguruan adosten ari diren neurri guztiak.
"Eredu hau aspaldian hasi ziren Europako beste estatu batzuetan aplikatzen, eta porrot egin du nonahi", nabarmendu du. Muñozekin batera izan dira Mikel Noval arlo sozialeko arduraduna eta Janire Landaluze ikerketa bulegoko kidea.
Erretiro aurreraturako baldintzak gogortuko ditu Rajoyren gobernuak, martxoaren 15ean onartutakoak biltzen duenez. 2027an, 65 urtera arte itxaron beharko da borondatezko erretiroa hartzeko, eta 63 urtera arte kaleratze baten ondorio denean. Enpresa handiek hilabete dute kaleratze kolektiboak kostu txikiagoarekin egiteko.
Erreformaren neurri nagusiak:
Borondatezko erretiroa: 35 urteko kotizazioa
Borondatezko erretiro aurreratua hartzeko adina bi urte atzeratzeko prozesua hasiko dute: 63 urte eta hilabete batekoa izango da 2013an, eta 65 urtera atzeratuko da 2027an. Halaber handituko da Gizarte Segurantzara kotizatu beharreko epea, 33 urtetik 35era. Kostu handia izango du adin ofizialera arte ez itxaroteak: dagokien pentsioaren %8 galduko dute 38 urte eta erdira arte kotizatu dutenek, %7,5 38,5 eta 41,5 urtez kotizatu dutenek, %6,8 41,5 eta 44,5 urtez kotizatu dutenek, eta %6,5 44,5 urtetik gora kotizatu dutenek.
Behartutako erretiroa: 63 urtetik gorakoentzat
Erretiro aurreratu asko lotuta daude enpresa handien edo bankuen berregituraketa planei. Kasu honetarako pixka bat eskuzabalagoa izango da Espainiako Gobernua, erretiro adin ofiziala baino lau urte lehenago hartzeko aukera emango baitu. 61 urte eta hilabete bat izango da 2013an, eta progresiboki igoko da. 2027tik aurrera, 63 urtetik aurrerakoentzat soilik izango da. Kotizatutako aldia 30 urtetik 33ra igoko da, hori ere progresiboki, eta eskatzaileak gutxienez sei hilabete egon beharko du langabezian. %7,5 eta %6 artean jaitsiko zaie pentsioa.
Erretiro partziala: beranduago eta mugatuta
Erretiro partzialak ere gutxitu nahi ditu Madrilek, eta, horretarako, handitu egingo du egoera horretan dauden beharginen lanaldia. Lanaldiaren %25 eta %50 artean utzi ahal izango dute (%75 arte orain), eta %75 arte haren lanaldia osatzen duenak kontratu mugagabea badu (%85 orain). Errelebo kontratuak adineko langilearen erretiro osora arte iraun beharko du. Erretiroaren legezko adina baino bi urte gutxiago dituztenentzat baimenduko dituzte erretiro partzialak (lau urte orain), eta gutxienez 33 urtez kotizatu dutenentzat.
Lana eta pentsioa: uztartzeko aukera gehiago
Pentsioa eta lana uztartu ahal izateko bidea zabaldu du gobernuak, «Europan egiten duten bezala». «Pentsiodun aktiboa» deitu dio aukera horri. Orain arte soilik lanaldi murriztua zutenek eta gutxieneko soldataren azpitik kobratzen zuten autonomoek egin zezaketen hautu hori. Aurrerantzean gehiagok izango dute baimena, betiere pentsioaren %50 jasoz, ez gehiago. Lan kontratua amaitzen denean, %100 jasotzen hasiko da pentsioduna.
Adinekoen kaleratzeak: Diru publiko gutxiagorekin
Enpresa handiek (eta bereziki bankuek) beren berregituraketak diru publikoarekin finantzatzen jarraitzea mugatu nahi du Lan Ministerioak. Udaz geroztik indarrean dagoen Telefonica zuzenketaren ondorioz, ehun langiletik gorako enpresek azken bi urteotan irabaziak izan badituzte, beren kontu geratzen da taldeka kaleratutako langile guztien langabezia saria eta gizarte kotizazioak ordaintzea, baldin eta kaleratuen artean 50 urtetik gorako behargin bakar bat badago. PPren gobernuak bi ñabardura egingo dizkio arau horri. Lehenik, gainkarga hori soilik ordainduko dute kaleratutakoen artean 50 urtetik gorakoek lantalde osoan duten proportzioa gainditzen badute; bigarrenik, aurrerantzean kaleratzea egin aurreko urtetik kaleratzearen ondorengo lau urteetan irabazietako bi urte izan dituztenek ere ordainduko dute. Aldaketa horrek ez du eraginik izango apirilaren 15a baino lehen aurkeztutako erregulazioetan, baldin eta haren ondorioek 2019ra arte irauten badute.
Langabeen subsidioa: familien irabazien menpe
55 urtetik gorakoek subsidioa kobratzea zailago izango dute. Kobratzen duenaren errentak bakarrik ez, familia osoarenak hartuko dituzte kontuan subsidioa onartzeko edo atzera botatzeko. Familia osoaren errenta gutxieneko soldataren %75 gainditzen ez duenean onartuko zaio subsidioa 55 urtetik gorakoari.