Soldatei buruz edozein testuingurutan hitz egiten hasteko garaia da”. Baieztapen borobila egin du Joseba Villarreal ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak. Eztabaida edozein esparrutara eramateko beharra ikusi du, “hazkunde ekonomikoari buruz asko hitz egiten ari delako”.
Gobernu eta patronalek nabarmentzen duten alderdia da hori, baina ez horregatik “aberastasuna denengana iristeko baldintza”. Alderantziz. Haren ustez, prekaritateak bere horretan jarraitzen du hazkundea iritsi bada ere. Hori dela eta, sindikatuak aurrerantzean soldataren aldeko aldarrikapena bere egingo duela adierazi du Adolfo Muñoz idazkari nagusiak. Eta, horretarako, soldaten inguruko txosten bat banatu dute euren ordezkarien artean. “Gutxieneko soldata igoera KPIa + %2,5 izan dadin borrokatuko gara”.
Borroka horretarako sindikatuak ez du alderdi politikoetan inolako itxaropenik. “Politika nola dagoen ikusita, ez dugu aukerarik ikusten akordio bat lortu ahal izateko”. Eta horretarako arrazoiak izan badituztela ere esan du.
Azpikontratatutako eremuetan langileen baldintzak bermatzeko klausulak eskatzen zituen herri ekinaldi legegile bat aurkeztu zuen ELAk Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Gobernuan. Nafarroan erabateko adostasuna lortu zuten, eta legebiltzarrean erabaki hori “atzeratzen ari dira”. Horregatik, itxaropen gutxi dute. Bide hori, beraz, langileek egin behar dutela adierazi du Muñozek. “Eta hori antolaketaren bidez lor daiteke soilik”.