Ekonomia

Muñoz: "Urkulluren gobernua Lopezen berdina da, politika ekonomiko berdinekin"

ELAk Eusko Jaurlaritzaren enplegu plana kritikatu du, lanpostu prekarioak sortuko dituelako.

Berria.info
2014ko otsailaren 24a
18:37
Entzun

«Hutsala». Hitz horrekin definitu du ELAk Eusko Jaurlaritzak ekonomia berpizteko urtarrilean aurkeztu zuen 2014-2016 urte arteko plana. Eta ez hori bakarrik, «egungo enplegurako prestakuntza eredua Espainiakoaren kopia» dela salatu du sindikatuak, «porrot egin duen eredu kaskar batena», hain zuzen ere. Jaurlaritzaren enplegu plana, beraz, «Madriletik datozen murrizketen» jarraitze da. «Espainia marka Rajoyk agintzen duena da, eta hori da Eusko Jaurlaritza egiten ari dena», Adolfo Muñoz sindikatuko idazkari nagusiaren esanetan.  Eta zentzu horretan, murrizketei lehentasuna ematen zaion bitartean «Jaurlaritzarentzat enplegua lehenestea ezinezkoa» da.

Baina enplegu plana beste ikuspegi batean ere bada jarraitzailea. Patxi Lopezen gobernuak abiatu zituen politikekin aurrera jarraitzen duela uste baitu sindikatuak. «Aurrekontu eta politika fiskal berdinekin» jarraitzen duela esan du Mikel Noval arlo sozialeko arduradunak. «Eta hori ez da enplegu politika bat, langabeziarako politika bat baizik», borobildu du. Jaurlaritzaren planak 32.000 lanpostu berri sortzea aurreikusten du, baina sindikatuak ez du uste hala izango denik, «aurreikuspenak sinesgaitzak» izateaz gain bertara bideratuko duten diru kopurua «ez delako nahikoa».

Edozein modutan, lanposturik sortuko da. Eta horiek ere ez dira ELAren gustukoak izango. «Aldi baterakoak, eta prekarioak» izango direla arreikusi baitu Muñozek. Eta gaur egun ere antzeko zerbait gertatzen ari da bere ustez. «Dagoen enplegua zatitzen ari dira, eta horien ordez miseriazkoak sortuz». Eta planaren ondorioetako bat hori izango da. Are gehiago, Jaurlaritzak lanpostuak sortzen dituenean izan ohi duen jarrera zein den ikusita, Novalen arabera. «Lanpostuak eta soldatak suntsitu egiten ditu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.