Euroguneko Ekonomia ministroek Greziako Gobernuari eskatu diote alderdiekin hitzartutako murrizketa neurriak aplikatuko dituela berma dezan, bigarren erreskate plana desblokeatu aurretik. Jean-Claude Juncker euroguneko presidenteak bilera iragarri du asteazkenerako, Greziak baldintzak betez gero, erreskate planari irtenbidea emateko helburuarekin.
Hiru dira baldintzak Junckerrek azaldu duenez: Greziako Legebiltzarrak plana berretsi dezala, gobernuak aurten 325 milioi euro murrizteko bideak bila ditzala, eta Greziako politikariek agindutakoa onartuko dutenaren "berme sendoak" eman ditzatela.
Gainera, ministroek eskatu dute Grezia kontrolatzeko, agindutakoa betetzen duela ikusteko.
Dimisioak
Laos eskuin muturreko Nakis Voridis garraio ministroak eta bi ministro ordek euren dimisioa aurkeztu duten gaur austeritate neurriekiko desadostasuna medio.
Hain zuzen, behin behineko gobernuko kide den Laos eskuin muturreko alderdiak jakinarazi du Lukas Papadimos eta troikak —Europako Batasuneko, Europako Banku Zentraleko eta Nazioarteko Diru Funtseko ikuskatzaileek— adostutako planaren kontra bozkatuko dutela. “ Ez dugu herrialdea apalduko duen austeritate plan baten alde egingo”, dioYorgos Karatzaferis Laos alderdiko kideak.