Kaleko protesten indartzeak eta istilu gogorrek ez dute lortu Greziako Parlamentuak atzera egitea. Giorgos Papandreu lehen ministroak gastua murrizteko eta zergak igotzeko aurkeztutako plana ontzat hartu zuten atzo diputatuek, gehiengo zabalez: 172 alde -gehienak Pasok alderdi sozialistakoak-, 121 kontra -oposizio kontserbadore eta komunistarena-, eta hiru abstentzio. Parlamentuaren aurreko plazan milaka lagun bilduta izan ziren egun osoan, neurrien aurka protesta egiteko.
«Indarkeriak edo harriek ez gaituzte atzeralditik aterako, baizik eta arazo handiagoa eragingo digute». Horrela argudiatu du Papandreuk kaleko presioari muzin egin eta hiru urtean 30.000 milioi euro aurrezteko planaren aldeko botoa. Horren bidez, BEZa %21etik %23ra igoko da, tabakoaren, alkoholaren eta erregaien gaineko zergak beste %10 igoko dira, funtzionarioei soldatak izoztuko dizkiete hiru urtez eta paga berezien zati bat kendu, eta pentsioak ere txikituko dira.
Neurri horiek protesta biziak eragin zituen asteazkenean Atenasko kaleetan, eta hiru lagun ere hil ziren, manifestari talde batek banku bati su ematean.
Papandreuk hilak gogorarazi zituen atzo, eta esan zuen ulertzen dituela protestak. Bere aurretik gobernatu duten guztiei egotzi zien orain neurri gogorrak hartu behar izatea. «Orain ez genituzke sakrifizioak eskatuko baldin eta aurretik halako lapurreta izan ez balitz». Aurreko agintarien artean dago oraingo gobernuburuaren aita bera, Andreas Papandreu, Greziako lehen ministro izan baitzen bi alditan: 1981etik 1989ra, eta 1993tik 1996ra.
Papandreuk batasuna eta «bake soziala» eskatu zien greziarrei, nahiz eta aitortu duen neurriak «mingarriak eta bidegabeak» diren hainbat herritarrentzat. Haren iritziz, ez dago alternatibarik, Europako Batasunaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren mailegurik gabe «herria bankarrotara doalako».
Euroaren eremuko gobernuburuak Bruselan bilduko dira gaur, Greziari 80.000 milioi euroko mailegua ontzat emateko.
Murrizketak onartu ditu Greziako Parlamentuak
«Indarkeriak edo harriek ez gaituzte atzeralditik aterako», ziurtatu du Papandreu lehen ministroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu