Gehiengo sindikalak murrizketei "aski da" esateko manifestazio nazionalera deitu du otsailaren 4rako, Bilbon. Sindikatuez gain, hainbat gizarte eragilek eta langabe elkarteko eta giza eskubideen aldeko plataformek bat egin dute deialdiarekin. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak "lan arloko jendea, baztertua eta elkartasuna maite duenari" egin dio deialdia gaur goizeko agerraldian.
"Prekarietatea zabaltzea beste helbururik ez duten erreformak saldu nahi dizkigute, eskaintzen dituzten kontratu ziztrinak onartu beste erremediorik izan ez dezan, jendeari gizarte laguntzak murriztuz", esan du Muñozek. Antolatzaileen artean ELA, LAB, ESK, EILAS, CGT, EHNE, Hiru, Berri-Otxoak, SOS Racismo, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, Argilan eta hainbat elkarte gehiago daude. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak salatu du konstituzioaren erreformak langileen eskubide sozialen gainetik jarri zuela zor publikoaren ordaintzea.