Hego Euskal Herriko hamabost eragile sozialek eta gehiengo sindikalak otsailaren 4rako Bilbon manifestazio nazionalerako deia egin dute, murrizketei nahikoa dela esateko. Sentimendu «demokratiko» batek batzen ditu, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren arabera. «Kalea aldarrikatu nahi dugu, gizartearen adierazteko gune modura», eta, horregatik, joateko eskatu die langileei, baztertutako pertsonei edo «elkartasunean sinisten duen edonori».
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako eta Espainiako gobernuek murrizketen bidea hartu zutela hiru urte igaro dira. Krisi «ekonomiko eta soziala» areagotzen ari den neurrian «urteetako borroken ondorioz lortutako eskubideak» kendu nahi dituztela salatu dute manifestazioaren deitzaileek. Orain arte hartutako neurri horiek, gainera, onurak ekarri beharrean langabezia, desberdintasuna eta pobrezia areagotu dituztela uste dute. Horri guztiari aurre egiteko antolatu dute mobilizazioa, Mugi gaitzen geure eskubideen alde lelopean. «Une honetan erabaki politikoak behar dira, eta hartuko badira, kalera atera beharra daukagu, presio soziala egitera», adierazi du Ainhoa Etxaidek, LABeko idazkari nagusiak.
Atzeraldian sartuta
Krisi egoera «egungo eredu soziala indargabetzeko» baliatzen ari direla uste du Etxaidek. Gaur murriztuko dutena, gainera, «etzi ez dugu berreskuratuko». Izan ere, doitze formuletan ez du krisitik irteteko biderik ikusten. Alderantziz baizik. «Azken datuek atzeraldi batean murgilduta gaudela erakusten dute argi eta garbi».
Muñozek estrategia bat ikusten du horren atzean: «Prekaritatea eta laguntza sozialak jaistea proposatzen digute, ondoren lanik gabe dagoenak miseriazko kontratuak onar ditzan».
Egoera hori dela eta, erakundeei egin diete kritika gogorrena gehiengo sindikalak eta eragile sozialek. «Ez dira gai» ekonomia sektore publikotik suspertzeko, eta kasu askotan lanpostu publikoak «deuseztatzen» dituzte. Baina ez hori bakarrik. Lanik gabe geratu diren batzuei gizarteratze errentarik gabe utzi izana larritzat jo dute. Haien datuen arabera, Nafarroan 2.000 pertsona geratuko dira laguntza hori gabe Parlamentuak aste honetan onartu duen legearen ondorioz.
Salatu dute arazo horiek guztiek zerga bilketan dutela oinarria. «Europan azken tokian gaude». Hego Euskal Herrian barne produktu gordinaren %29,3 biltzen da zergetan eta, Europako Batasunean, berriz, %38,4 batez beste. Horrek Hegoaldeko altxor publikoetan 7.500 milioi euro gutxiago biltzea dakarrela salatu dute. Horri iruzur fiskalaren ondorioz biltzen ez den diru kopurua gehituz gero, 10.000 milioi izango lirateke. «Diru hori guztia, ekonomia suspertzeko ez ezik, beharrezkoa den gizarte politikaren garapenerako ere garrantzitsua litzateke», sindikatu eta eragile sozialen iritziz.
«Badauzkagu alternatibak»
Krisi ekonomikoari aurre egiteko erabiltzen ari diren murrizketa politikaren ordez bestelako neurri batzuk hartzeko beharra dagoela azpimarratu dute. «Defizit soziala bideratu ahal izateko politikak sustatu behar dira», adierazi du Etxaidek. Izan ere, Muñozek uste du orain arte hartutako neurri guztiak «kapitalari men eginda» hartu direla. «Ultraliberalek euren ametsa bete dute, gainera. Kontserbadore edo sozialdemokratak egon gobernuan, haiek nahi dutena egiten dute».
Horri guztiari aurre egiteko, sindikatu eta eragile sozialek hainbat neurri proposatu dituzte. «Alternatiba egon badago, eta murrizketen bidea hartzen bada, erabaki politikoen ondorioz hartu direlako izango da», Etxaideren iritziz.
Alde batetik, politika publikoak zehazteko garaian, sindikatu eta eragile sozialen parte hartzea bermatzea garrantzitsua dela uste dute; gastu soziala igotzea ere proposatu dute, Europako batez bestekoarekin parekatze aldera; gizarte sariei ezarri dizkieten murrizketak bertan behera uztea nahi dute, eta inor lanik gabe egon ez dadin, kalitatezko enplegua sortu zerbitzu publikoen defentsa eginez; zerga politika justua eta mailakakoa eskatu dute, azken urteetan ezarri diren erreformak atzera botatzea, eta ondasunaren «banaketa bidezkoa»; iruzur fiskalaren aurkako benetako borroka; aukera berdintasuna, lan bizitza eta pertsonala bat egitea posible izan dadin; eta, azkenik, lan harremanetarako euskal esparrua.
Neurri horiek guztiak dira gaur egungo egoeratik irteteko bidea, eta horien alde egingo dute Bilbon otsailaren 4an. Jesusen Bihotzaren plazatik irtengo da manifestazioa, 18:00etan.
Murrizketen aurkako manifestazio bat egingo dute Bilbon
Gehiengo sindikalak eta 15 gizarte eragilek deitu dute, orain arteko neurriek langabezia eta pobrezia «handitu» dituztela salatzekoUste dute jokoan daudela «urteetako borroken ondorioz lortutako eskubideak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu