Industrialdeak, herrietako taberna eta dendak, bulego txikiak, fabrika handiak, hirietako manifestazioak... Grebak eragin handia izan du han eta hemen. Goizean goiz hasi da BERRIA tokian tokiko gertaerak eta tentsio uneak ikusten, xehetasunak eta egoera ezohikoak jasotzen. Hau da grebaren ordulariaren kronika.
08:00. VW.
Bi ordu pasa dira goizeko txanda Volkswageneko fabrikan sartu denetik, eta aparkalekuan ibilgailu asko daude. Benito UtergaLABeko ordezkariak salatu duenez, zuzendaritzak presio itzela egin du greba egin duten langileak ordezkatzeko: «Batetik, behin-behineko 200 langileei presio egin die lan egiteko. Bestetik, prestakuntza ikastaroa jasotzen ari diren enplegatu finkoei ikastaroko lau orduak ohiko laneko lau ordura aldatu dizkiete, greba egin dugunak ordezkatzeko asmoz».
08:30. Landaben
Landabenen ez da ohiko egun bat, baina ez da erabat geldi, ezta gutxiagorik ere. Zirkulazio handia dago. Piketerik ez, baina guardia zibilen patrol pare bat bai. TRW eta Dana Automotiveko aparkalekuetan ibilgailuak daude; Landabengo kale bazterretan, berriz, auto gutxi dago geldi. «Hori da dagoena», esan du ELAko kide batek: erantzuna %40 ingurukoa izan dela. «Beldurra» dagoela antzematen du. «Enpresa askok erregulazio espedienteak dituzte ezarriak, eta zer gerta ere, nabarmentzerik ez du nahi inork». Oraingo greban, besteetan ez bezala, lantoki txikietan greba handiagoa izan dela dio.
08:40. Kamioiak
Batzuk, piketera, eta beste batzuk, lanera. Autoak badira Donostiarako bidean, A-8an. Denak esnatu dituzte bat-bateko bozina hotsek. Hiru garraiolarien sindikatuaren kamioien karabana ikusgarria da; greba eguna dela gogorarazi diete gidari guztiei berehala. Ertzaintza ere goiz hasi da lanean; karabanaren aurrean eta atzean motorrean doaz, bizkartzainak balira bezala.
09:00. Ibaeta, isilik
Ibaetako poligonoetan, Donostian, enpresa batzuk zabalik daude; beste asko, itxita. Grebaren aldeko karabana batek hautsi du isiltasuna. Orritxoak bota dituzte irekitako enpresen sarreran. Ertzaintzaren bi autok ixten dute karabana; haiek ez dituzte orritxoak botatzen.
09:10. Agustinos
Iruñeko industrialde horretan, mugimendua nabari da. Gamesa Eolican, aparkalekua beteta dago —ehunka kaleratzeren mehatxua du—. Gehienak, lanean. Poliziarik ez greba eskubidea defenditzeko.
09:30. Urbilen, lanera
Aurreko martxoaren 27an greba egin zuten Eroski-Urbil saltoki handian (estreinakoz), baita Garberakoan ere. Oraingoan, ez batean eta ez bestean. Langileak 09:30ean hasi dira saltoki handira sartzen. Pikete jendetsu batek hartu ditu, eta, «gaur greba eguna da» esanez, orritxoak eman dizkiete eskura. Ertzaintzaren begiek zaintzen dute dena; BERRIAko kazetariari nortasun agiria ere eskatu diote, sakelakoarekin argazkiak eta bideoak ateratzen ari dela eta. «Jolasean?», galdetu du gorputz handiko ertzain batek; erantzun laburra jaso du: «Lanean». 10:00etarako Urbileko ateak zabalik dira, eta sarreran dozenaka dira grebalariak, bandera eta ikurrinekin. Ez dago bezerorik.
10:00. Corte Ingles
Ordu erdi lehenago, LABeko lau kide kateatu dira Santanderreko egoitzan, Iruñean. Corte Inglesen parean, polizia asko daude. Atea irekitzear denean, tentsioa handitu da; poliziak oldartu, eta, besteak beste, Sabino Cuadra Amaiurreko diputatua jipoitu du polizia batek, bere diputatu agiria erakusten zion bitartean.
10:10. Estualdi bat
Lasarteko langabeen batzarraren manifestazioak kaleko lasaitasuna hautsi du. Lanbide enplegu zerbitzuaren bulegoetara doaz. Sarreran geratu dira, ordea, barrura sartu gabe, baina atean dagoen zinpeko zaindariak ezin du kolorea berreskuratu. Estualdi bat baino gehiago dago goiz partean.
10:30. Parkinak, hutsik
Ez guztiz, baina Eziago, Zikuñaga, Epele eta Hernani inguruetako industrialdeetako parkinak hutsik daude. Orona enpresakoa, erabat. «Hemen ez dago inor», bota du sarrerako zaindariak. Beste enpresa batzuetan auto gutxi batzuk ikusten dira, goi mailako modeloak gehienak. Martutene eta Astigarragako poligonoetan ere greba girokoa da paisaia. Tailer batzuek lanean dihardute, baina salbuespena dira. Industrialdeetako tabernak ere, itxita; horrek eman dezake grebaren arrakastaren arrastoa.
11:00. Eserialdia
Sanduzelaiko zutabea iristean, polizien aurrean eserialdia egin dute grebalariek, Iruñean. Saltokiko ateak itxi, eta jendeari oldartzeko keinua egin dute poliziek, baina ez da ezer gertatu. Gazteluko plazan, probokazio argian, EAren egoitza inguratu dute poliziek. Eguerdiko manifestaziora arte, tentsioa handitzen joan da. Okerrena manifestazioaren ostean etorri da.
11:15. Misterio bat
Errekaldeko Belartza industrialdean, Donostian, lan eta lan ari dira bi gazte Aguado Soldadura enpresaren biltegian; hara ez dira joan piketeak. Decathlonen ez dago inor, ordea. Edo bai? Bezero bat sartu da bat-batean, baina ateak itxita daudela ematen du. Beirazko ateak Decathlon etxearen paperez estali dituzte, saltoki handia itxita dagoelako itxura lortuz. Barrukoa ez da ikusten kanpotik. Trikimailu zahar bat.
11:45. 'Glamour'-a
Film nagusiaren zuzendari eta protagonistak grebalariak dira Zinemaldian egun batez. Eguerdirako Donostiako manifestazioaren hiru zutabeak martxan daude, Grosen, Antiguan eta Amaran. Erdiguneko saltoki, taberna eta bulego asko ixten ari dira, martxa bateratua iritsi ahala. Zinemaldiaren eguneko jardunean ere nabarmena da grebaren eragina. Sail ofizialeko proiekzioak ez beste ia denak bertan behera geratu dira, baita gainontzeko ekitaldiak ere. Euskal zinemaren eguna ez dago aurten; grebak dauka lehentasuna.
12:30. Traktorean
Mercedes batean ez, baina traktore handi bitan eta kamioi batean iritsi dira manifestariak Maria Cristina hotelera. Ez dute ostatu hartu, txantxa asko egin arren. Aurretik, Viktoria Eugeniaren alfonbra gorritik pasa dira; eguneko izarrak dira. Kursaalari begira egin dute aurrera, Bulebarreko bihurgunea hartuta. Photocall-a Bulebarrean da gaur.
12:45. Biluzik
Manifestazio handiaren burua Bretxaren paretik pasatzean, txalo zaparrada entzun da. Jendeak ezkerraldeko lorategira begiratu du. Lasarteko prekarioak taldeko kideak biluztu egin dira, buruan oihal beltzak jarrita. Ezker besoa goian dute, ukabila itxita, eta mezu argi bat: «Gure aberastasuna, zuen miseria».
13:15. Burujabetza
Eilas, ESK, EHNE, Hiru, ELA eta LABeko ordezkariek mezu ugari helarazi dizkiote jendetzari Bulebarrean. Hitzaldi guztiek dute ideia komun bat: subiranotasunik gabe ez dago irtenbiderik. Espainiako Gobernuak «pobrezia gehiago dakar», eta burujabetza da bidea. Internazionala kantatuz bukatu dute ekitaldia.
Greba orokorra. Kronika
Murrizketen erlojua, martxan
Tentsio uneek, erreibindikazio oihuek eta lantokietara greba eguna zela jakinaraztera joandako piketeek bete dituzte kaleakSindikatuek diote pobrezia hedatu egingo dela eta burujabetza dela «bide bakarra»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu