Murrizketen inguruko desadostasunek dimisioak eragin dituzte Grezian

Lau ministrok eta bi ministro ordek kargua utzi dute, ez daudelako ados troikak agindutako murrizketa neurriekin

2012ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Marilisa Xenogiannakopulu Greziako Atzerri Gaietarako ministro ordeak eta PASOKeko kideak dimisioa eman zuen atzo Atenasek Europako Batasunari, Europako Banku Zentralari eta Nazioarteko Diru Funtsari bigarren erreskatearen truke agindu dizkien neurrien kontra dagoelako. Ez da erabaki hori hartu duen gobernuko aurreneko kidea izan. Lan ministro ordeak eta eta beste lau ministrok ere —guztiak LAOS eskuin muturreko alderdikoak—beren karguak utzi zituzten, guztiek ere protesta gisara.

Greziako koalizioko gobernua osatzen duten alderdiak ez daude prest Lukas Papademosek nazioarteko erakundeei agindu dizkien murrizketak onartzeko. Ezta greziarrak ere. Hain zuzen, atzo, herrialdeko sindikatu nagusiendeiari erantzunez, milaka herritar atera ziren kalera, neurri horien kontra protesta egitera. Garraio publikoa geldirik egon zen goizean goizetik, gobernuaren bulegoak, epaitegiak, auzitegiak, ikastetxeak eta museoak itxita egon ziren eta ospitaleek gutxieneko zerbitzuak bakarrik eman zituzten. Dendak eta tabernak, aldiz, normal jardun ziren lanean, manifestazioak paretik pasatzerakoan izan ezik.

Ohikoa bihurtu den gisan, Sintagma plaza izan zen Atenasko hainbat puntutatik abiatutako manifestazioen helmuga. Guztiak batzean, istilu gogorrak sortu ziren. Gutxienez lagun bat zauritu zen Poliziarekin izandako borrokaldietan.

Atzo hasitako lanuzteak gaur jarraituko du. Eta biharko ere mobilizazioak antolatu dituzte, parlamentuak murrizketa neurriak bozkatu behar dituelako. Hala ere, gobernuaren hurbileko iturriek uste dute astelehenera arte atzeratuko dutela bozketa, bihar istiluak saihesteko helburuarekin.

Egoera oso larrian dago Grezia, ia zentimorik gabe. martxoa bukatzerako 14.500 milioi euro ordaindu beharra dauka hartzekodunei, eta ez du horretarako modurik. Bigarren erreskatea jasotzen hastea da herrialdea porrotetik salba dezakeen bakarra. Horretarako, ordea, murrizketa neurri berriak indarrean jartzeko ezinbesteko baldintza jarri diote nazioarteko erakundeek. Eta horrek desadostasun handiak sortu ditu koalizioko gobernua osatzen duten hiru alderdien artean. Luze negoziatu ostean, zenbait puntutan ados jartzea lortu zuten herenegun. Esate baterako, gutxieneko soldata %22 jaistea eta beste 15.000 langile publiko kaleratzea hitzartu zituzten. Baina ez zuten erabateko adostasunik lortu.

Hala, atzo, bere alderdiak neurri horien kontra bozkatuko duela jakinarazi zuen LAOS alderdiko buru Georgios Karatzaferisek: «Ez dugu herrialdea umiliatzen duen neurritasun plan baten alde bozkatuko. Duintasuna kendu digute, umiliatu egin gaituzte. Ezin dut onartu, ez dut onartuko».

LAOSek 300 eserlekutatik 15 eserleku baino ez ditu parlamentuan; beraz, haren babesa ez da erabakigarria. Baina erreskate jasotzea ziurtatu nahi duten alderdiak kezkatzen hasita daude, geroz eta gehiago direlako neurrien kontrakoak. Hori horrela, Panos Belitis PASOKeko bozeramaileak ohar bana igorri zien diputatu guztiei murrizketak babes ditzatela eskatzeko. «Hil edo biziko» bozketa horietan erantzukizunez jokatzeko eta baiezko botoa emateko eskatu zien, «hori delako herrialdea krisitik ateratzeko modu bakarra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.