GIPUZKOA

Mutrikuk 450.000 euroko maileguaren beharra aurreikusten du

Udalak zehaztu du arazoak ez direla unean unekoak, eta datozen lau urteetan zorra 5 milioi eurotik erdira jaisteko plana prestatu dutela, aldundiko teknikarien laguntzarekin. Gipuzkoako Foru Aldundiak abalatuko du mailegua, Batzar Nagusiek hala erabakitzen badute.  

2012ko irailaren 6a
18:53
Entzun

Mutrikuko udalak bideragarritasun plan bat osatu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Plan horretan   450.000 euroko maileguaren beharra aurreikusten da egoera ekonomiko larriari aurre egin ahal izateko. Maileguaren bidez, zorpetzea berregituratzeko neurriak aurreikusi ditu Mutrikuk. Gipuzkoako Foru Aldundiak abalatuko luke mailegua. 

Izan ere, urteetan zehar zorpetze altua pilatu du udalak, araudian jasotako zorpetze mugak gainditzen dituena eta beste mailegu bat eskatzea eragozten zuena. Hori dela eta, Diputatuen Kontseiluak 450.000 euroko mailegua abalatzeko prozedura abiatu zuen uztailaren 27an, Foru Proiektu bidez. Ondoren, Batzar Nagusiek erabakiko dute Foru Proiektu hori baimendu ala ez. Bide hori ez da berria. Aurreikusita dago egoera zailetan diren udalerrientzako maileguak baimentzea. 

Sei hilabetean behin, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Batzar Nagusiei bideragarritasun planaren berri emango die Mutrikuk. Aldundiko teknikarien laguntzarekin 2020. urtera arteko neurriak zehazten dituen plan ekonomiko-finantzarioa prestatu dute. "Planari jarraituz datozen lau urteetan zorra bi miloi eta erdi jaistea lortu nahi dugu", azpimarratu du alkateak. Udalak salatu du azken urteetan lurraldean egin den baliabide ekonomikoen banaketan bazter utzi dituztela, eta horrek eragin zuzena izan duela esan du.

Erreskaterik ez

Mutrikuko Udalak ukatu egin du, gaur eguerdian, zenbait hedabidetan agertu den moduan, erreskatea eskatu diola Gipuzkoako Aldundiari. Hala ere, ohar batean aitortu du egoera ekonomikoa bideratzeko harremanetan dela aldundiarekin, "etorkizun baterako zutoinak jartzen hasteko". Joseba Palenzuela alkateak goizean azaldu du ez direla gai finantza konpromisoei aurre egiteko.

Radio Euskadin egin ditu adierazpen horiek. Palenzuelak ez du erreskate hitza erabili, baina aitortu du udaberritik Foru Aldundiarekin harremanetan direla, egoera ekonomikoari aurre egiteko helburuz. "Diru bilketaren jaitsieraren ondorioz, egoera oso zailean gaude", esan du alkateak. Horregatik, "aldundiaren esku" jarri dira, "elkarrekin konponbide bat topatzeko".

Palenzuelak adierazi du arazoak ez direla "unean unekoak". "Egiturazko arazoa da, lurraldearen banaketaren ondorioz sortua". "Esaten da herri guztiek ezin dutela industrialderik izan, baina herrian jarduera ekonomiko handia ez izateak baliabide ekonomiko propioak ez edukitzea dakarkio udalari. Foru aldundiaren funtsarekin dugun mendekotasuna oso handia da", azaldu du elkarrizketan. 

Udalak oharrean dio 2012. urtekoak direla Bilduk prestatu dituen lehen aurrekontuak, eta "zuhur" jokatu dutela azaldu dute, eta muga ugari izan dituztela. "Egoera larria zen udalerrikoa: 5.283.257,97 euroko zorra zuen; %109an zorpetuta zegoen". Gobernu taldeak egoera bideratzeko "ahalegin zintzoa" egin duela argudiatu dute, eta bide horretan aldundia hartu dutela bidelagun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.