lan osasunaren nazioarteko eguna

Mutualitate eta murrizketen aurka egin dute sindikatuek

ELA, CCOO eta UGT Bilbon mobilizatu dira, eta Donostian LAB. Bideoa: Lan segurtasunaren eguna, Bilbon (Lander Muñagorri). [youtube]http://youtu.be/fKpMKuKnAdY[/youtube]

Lander Muñagorri Garmendia.
2014ko apirilaren 28a
07:41
Entzun

Sindikatu guztiek laneko osasunean sakontzeko neurriak eta prebentzioaren aldeko aldarriak egin dituzte bakoitzak bere aldetik egindako mobilizazioetan. ELAk Bilboko Esperantza frontoian egindako ekitaldian, zehazki, eskaera egin dio Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari eta Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioari “erakunde sindikal eta patronalen finantzazio iturri izateari utzi, eta prestakuntzara bideratu dadin”. Sindikatuak bi erakunde horietan zeukan ordezkaritzari muzin egin zion, “prestakuntzarako diru kopuruak zenbatekoa izan behar duen aurreikusten zutenek erabili zezaketelako elkarrizketa soziala osatzen duten erakundeak finantzatzeko”. Eta hori osasunaren izenean. Hori guztia “iruzur” bat dela salatu du Adolfo Muñoz idazkari nagusiak, eta Espainian gertatu izan diren kasuak gogoratu ditu.

Beste behin ere elkarrizketa sozialaren aurka jo du Muñozek, “argazki huts bat delako, edukirik gabeko mahai bai bertako kideak finantzatzeko”. Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak, bere aldetik, Iñigo Urkullu lehendakariari eskaera egin dio, “bazterrak nahastu beharrean elkarrizketa sozialerako bere proposamena mahai gainean jarri dezan”. Izan ere, hala egin ezean “edozein aukera suntsitzeko asmoa dutenei ahotsa” ematen diela esan du ELAri erreferentzia eginez. Muñozek esandakoari, bestetik, erantzun dio Sordok: “Gu ez gara mahaian esertzen argazkiak ateratzeko, langileen eskubideak hobetzen dituzten proposamenak onartzeko baizik”. Horien artean leudeke, esaterako, “laneko jatorria duten hainbat gaixotasun, eritasun arrunt bezala ez hartzeko zenbait neurri”. Eta Euskadiko CCOOk argi utzi nahi izan du inongo sindikatuk ez duela eurek baino behar gehiago egin laneko gaixotasunaren alde.

Mutuen legea begipuntuan
CCOO eta UGTren inguruko kritikak plazaratu ondoren, mutualitateen funtzioari buruz ere zalantzak azaldu ditu Muñozek: “Mutualiako arduradun nagusia Miguel Angel Lujua da, Confebaskeko presidentea, eta mutualitateen esparruan egin nahi diren aldaketa legalak onartzen badira eurek erabakiko dute lanera noiz itzuli”. Eta ez da beretaz fio. “Ez dugu nahi mutualitateak polizia bihurtu daitezen”. Hain zuzen ere, mutualitateen lege proposamenaren inguruan hitz egiten ari zen. Bertan mutualitateei indar gehiago eman nahi liokete gaixotasun arruntetan senda agiria emateko. Alfonso Rios Euskadiko CCOOko Lan Osasuneko arduradunaren arabera, lege berriak Osakidetzaren konpetentziak zapalduko lituzke, eta Eusko Jaurlaritzari eskaera egin dio esparru hori defendatu dezan. Legeak aurrera egingo balu, “langileen osasunaren aurkako eraso” gisa definitu du egoera.

Ildo beretik jo du Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak. Gaixo agiriak zerbitzu publikoek kudeatu behar dituztela ebatzi du, mutualitateek egin beharrean. Sindikatuak egindako agerraldian pasa den urtean Hego Euskal Herrian hildako 55 langileak gogoratu dituzte, eta heriotza horien atzean dagoen “erantzukizun politikoa” aldarrikatu. “Kasurik gehienetan saihestu zitezkeen prekaritatearen ondorio izan dira”, Etxaideren arabera.

Raul Arza Euskadiko UGTko idazkari nagusiak ere ideia bera azpimarratu du, eta Eusko Jaurlaritzari langileen osasunaren alde borrokatu dezala eskatu. Kasu honetan, prebentzio eta segurtasun neurrietan murrizketa gehiago ez egiteko eskaera egin dio. “Legedia zehatzik ez egoteak langileen osasunean zuzenean eragiten du”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.