Turismoa

Myanmarren berpiztea

Myanmarren demokratizazio prozesuak industria turistikoaren gorakada itzela eragin du. Azpiegitura falta, ordea, oso nabaria da.

Turistak Bagan aldeko tenplu budistak, Mandalay eskualdean. ZIGOR ALDAMA
Zigor Aldama.
2014ko martxoaren 16a
09:39
Entzun

Gauerdirako minutu gutxi falta dira, baina Yangongo nazioarteko aireportuko nazioarteko hegaldien terminala jendez lepo dago. Immigrazioko agenteak lanez gainezka dabiltza pasaporteei zigiluak jartzen, eta beste hegaldi bat iritsi berri da, Bangkoketik (Thailandia). Kanpoan, taxilariak etorri berrien gainera botatzen dira, bezeroak Myanmarreko hiri nagusiaren erdialdera eraman nahian. Berandu izan arren, eta hitzartutako prezioen gainetik kobratzen badute ere, eskaerak eskaintza gainditu egiten du. Hirigunean antzekoa da egoera: hotelak sarritan daude beteta, eta bidaia behar bezala prestatu ez dutenak, etsita, eskuak burura eramaten dituzte lortu ahal izan duten ostatua zein preziotan ordainduko duten jakitean. "Thailandia askoz merkeagoa da!".

Bada, bai. Egitura-rekin hitz egitea onartu duten hotel jabeek beraiek onartu dute. Maila batekoek zein bestekoek. Denek onartu dute sasoi beteko prezioak duela bost urtetik hona bikoiztu edo hirukoiztu egin dituztela. Asko aldatu baita egoera 1989ra arte Birmania izandakoan. 2007ko udan piztu zen Azafraiaren Iraultza, eta askok uste izan zuten 1988ko sarraskiaren irudiak berriro ikusiko zirela, eta armadak demokrazia eske ari ziren ehunka edo milaka herritar hilko zituela. Kasu batean zein bestean, nazioarteko komunitateak isun ekonomikoekin eta bakartze politikoarekin erantzun zuen, eta sektore turistikoari ere eragin zion horrek. 

Eskaera turistei

Berez, Interneteko foro askotan eskatu zitzaien bisitariei beren kontzientziaren arabera bidaiatzeko, eta saiatzeko beren dirua gobernu militarraren negozioetan ez gastatzen. Horrek esan nahi zuen estatuaren menpeko hotelei eta gida ofizialei bizkarra ematea. Taula batzuk ere egin ziren, eta turista bakoitzak eskatzen zuen erosotasun mailaren arabera, kalkulatu egin zuten zenbat diru joaten zen junta militarraren patrikara.

Baina 2010ean erori zen gobernu militarra, eta 2011ko martxoan boterea hartu zuen behin-behineko gobernu zibilaren eskutik irauli da egoera: lehen, oposizioko alderdi nagusiko burua, Aung San Suu Kyi, etxeko atxiloaldian eduki zuten, eta orain, berriz, parlamentuan eseri eta Barack Obamarekin bildu ere egiten da; preso politikoak askatu dituzte; eta su-etena izenpetu dute birmaniarrak ez diren etnien talde armatu guztiekin, batekin izan ezik. Demokratikazio prozesua 2015ean da amaitzekoa, hauteskunde garbi batzuekin.

Isunak kendu dituzte, eta munduaren arreta bereganatu du Myanmarrek. Baina turista gehienek ibilbide bakarra egiten dute: Yangon (Rangun izenez ere ezaguna), Mandalay, Bagan —bere ehunka tenpluk irudi surrealista sortzen dute—, Ngapali —hondartza eta eguzkiaren tenplua— , eta Inle aintzira.

Bi milioi turista iaz

Edonola ere, sektore turistikoak sekulako bultzada jaso du azken urteotako ekonomiaren gorakadarekin. 2010ean, Junta Militarra boterean zegoela, 300.000 bisitari baizik ez zituen jaso, eta hurrengo urtean jada 800.000 izan ziren. Huskeria dira kopuru horiek 2013ari erreparatuz gero: 2,04 milioi turista atzerritar izan ziren Myanmarren. Asiakoak dira gehienak, thailandiarrak lehenik eta txinatarrak eta japoniarrak ondoren. Aurten gorakada meteoriko horrek jarraituko duela dirudi, eta gobernuak espero du hiru milioi bisitarira iristea, eta zazpi milioira iristea 2020rako.

Hondeamakinek lana erruz egin arren, denbora beharko dute oraindik eskaintza eskaerari moldatzeko. "Herrialdeak gero eta irudi hobea du, eta horri esker gertatu da [turisten] hazkunde izgarria, baina hazten jarraitu ahal izateko, azpiegiturak hobetu behar ditugu, eta turisten segurtasuna handitu, gero eta gehiago baitatoz bere kasara. Gainera, ahal handia duten beste leku batzuetara ere bultzatu behar ditugu", onartu du Myanmarko Bidaia Agentzien Elkarteko presidentea, Aung Myat Kyaw-ek.

Gaur egungo kopuru ofizialen arabera, 27.000 ohe dituzte herrialdeko 731 hotelek. Gainera, hotel berri horietako batzuk Naypyidaw hiriburu berri eta tristean jarri dituzte —2005ean egin zuten hiriburu, Yangonen ordez—. Han, lau eta bost izarreko hoteletan politikariak eta enpresaburuak dira bezero, baina turista gutxi. Zertarako joango dira hara? Hamar erraileko autobide hutsak ikustera?

Bien bitartean, turista gehien erakartzen duten tokiak gainezka daude, eta urteak beharko dituzte egoera normaltzeko, gobernuak 1.500 milioi euro agindu arren.

Aire garraioaren sektorean ere presaka dabiltza. Myanma Airways konpainia publikoa beste enpresa pribatu batzuekin ari da lehian orain, eta haren izen kaskarra hobetzeko, aireko berriak erosten hasi da. Embraer 190 batzuekin hasi zuen modernizatzea, eta aurten Boeing 737 dozena bat gehitu nahi dizkio. Gauzatzen denean, herrialdeko aire sektorearen hedapen handiena izango da.

Eta aireko horiek ekarriko dituzten turistei ostatu emateko, Myanmarren lurra hartzen ari dira munduko hotel kate garrantzitsuenak ere. Shangri-lak apartamentu zerbitzatuen bere blokea inauguratu berri du; Peninsulak hotel zahar bat zaharberrituko du; Pan Pacificek 25 solairuko eta 348 gelako hotel erraldoi bat eraikiko du; eta Hilton eta Best Western leku bila ari dira beren negozioak egiteko.

Baina dena ez da gozo. Askok uste dute hiriak turistei egokitzeak ondare historikoa galbidean jarriko duela, Yangonen batez ere. "Kolonia britainiarraren garaian hiriburu izan zenaren alde zaharra ia-ia ez dute ukitu post-kolonialismoaren mende erdian. Baina baliteke ez gainditzea higiezinen sektoreak orain duen burbuila", salatu du Thant Myint U historialariak. Hura da garapen ekonomikoa eta iraganarekiko begirunea uztartzea eskatu duen intelektual talde baten ahotsa. "Turismoak pizgarri izan behar du gure ondarea baldintza onetan mantentzeko, baina ez kontrakorako".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.