Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak urtearekin batera jarri nahiko luke martxan N-1 errepidea erabiltzen duten kamiolarientzako bidesaria sistema. Hilabete daramate teknikoek probak egiten Zarauzko Bidegiko kontrol gunetik. Arkuek kamioen bolumena eta matrikula antzematen ditu, eta sistemak dauzkan zalantzak langile kualifatuek argitzen dituzte etengabeko jario batean. Atzerriko matrikula duten kamiolariek bezala, bertakoek ere bidesaria pagatu beharko dute aste gutxi barru. 0,69, 3.96 eta 2.93 euro, Andoain, Astigarraga eta Etzegarateko arkuen azpitik pasatzen diren bakoitzeko; 3.500 eta 12.000 kilo arteko kamioiek, 0,56, 3,20 eta 2,36 euro pagatuko dituzte tarte horiek.
Eta zer datu eman dituzte arku berrien hilabeteko proga horiek? Lehenik eta behin, askoren irudipena zena berretsi dute: kamioi gehiago direla Espainiako matrikulaz bestekoak; N-1 egunero erabiltzen duten 12.000 kamioen %56 dira talde horretakoak, eta horren barruan portugalgoak dira gehienak, erabiltzaile guztien %24,2. Espainiako matrikuladunen artean, sistemak ezin du bereizi oraindik zenbat diren Euskal Herrikoak eta zenbat gipuzkoarrak, baina datu horiek jakiteko sistema bat garatuko dutela ere aurreratu du Oiarbide diputatuak.
Halaber, lehen urtean, bidesari berriek bederatzi milioi euroko bilketa egingo dutela aurreikusi du, eta diru hori errepideen mantenuan —ohiko lanak eta ezohikoak— eta sistema bera pagatzen erabiliko dela esan du. Kamiolari guztiek atera beharko dute AT sistemaren txartela, eta horretarako, AP-8an (Oiartzun), G-20an (Aritzeta), N-1ean (Alegi eta Etzegarate) makinak jarriko dituzte. VIAT sistema duenak, halere, ez du zertan aterako, biak bateragarriak direlako. Oiarbide diputatuak esan du bertako kamioen %92ak dagoeneko badutela VIAT.
Isunak ere bai
Sistema atera ez, eta uko egiten diona pagatzeari isunak izango ditu aurrez aurre, arinak (150-1.999 euro), larriak (2.000-7.999 euro), eta oso larriak (8.000-130.000 euro). Diputazioak urratzaileengana iristeko gaitasuna izango duela ohartarazi du Aintzane Oiarbidek, baita atzerrikoak izanda ere. Diputazioak pagarazteko enpresa espezializatuak erabili ditzaketela erantsi du.
Kamiolariak haserre daude N-1eko bidesari berriekin, Bide Azpiegituretako diputatuak badaki, "baina bidesariek ez dutela bueltarik ere badakite". Salbuespenik egitea ez dela posible azaldu du Oiarbidek, Europako arauak argiak direla, eta sektorearekin bilera asko egin dituztela hori guztia azaltzeko, bai Hiru sindikatuarekin baita Guitrans patronalarekin ere. Sektorea lagunduko luketen inbertsioen atalaz hitz egin dezaketela esan du, eta Astigarragako zentro integrala aipatu du.
AT sistemaren lehen hilabeteak ibilgailuen 3,5 milioi ibilbide kontrolatu ditu, eta sistemari azken ukituak egin bezain laster martxan jarriko da, Foru Gobernuaren oniritzia jaso eta gero. Aurreikuspena urtarrilaren lehenean hastea da, baina edozein kasuan, datorren hilean izango da.