Euroguneak 2014tik hazkunde ekonomiko eskasena izan duela jakin zen, atzo, eta horrekin bat datorren hazkundea jakinarazi zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat: BPG barne produktu gordinaren %2,6 uztailetik irailera, aurreko hiruhilekoan baino hiru hamarren gutxiago. Alegia, aspaldian iragarritako lur hartzea gertatzen ari dela berretsi dute datuek. Baina Nafarroan ez da islatu ekonomiaren halako moteltzerik. %3,3ko erritmoan hazi baita urteko hirugarren hiruhilekoan. Aurreko epean baino hamarren bat apalgoa da, baina sendoa oso, nazioarteko testuingurua kontuan hartuz.
Nafarroako Estatistika Institutuak azaldu du hazkundearen apaltze txiki hori zerbitzuen sektorearen jarduera txikiagoarekin lortu behar dela. Industriak, ordea, zerbitzuen pattalaldia orekatu dute. Familien eskaera jaitsi egin dela dio institutuak, baina kanpo eskaerak (esportazioek) bere horretan jarraitu duela, eta batak bestea orekatu duela hazkundearen erritmoa aurreko hiruhilekoaren pare uzteraino ia.
Uztailetik irailera %0,6 hazi da Nafarroako BPGa, eta apiriletik ekainera %1 hazi zen. Nafarroako multinazional industrialen esportazioak oinarrizkoak izan dira barne kontsumoaren moteltzea konpentsatzeko.