Zorpetzearen harira, finantza sistema ezberdina izateak hamaikagarren kontularitza ezadostasuna sortzeko bidean da EAEko erakundeen eta Espainiako Gobernuaren artean. Espainiako Bankuak emandako azken datuen arabera, 7.153 milioi euroko zor bizia zuen Jaurlaritzak ekainaren amaieran, eta 2.903 milioi eurokoa Nafarroako Gobernuak. Arazoa da kopuru horiekin Espainiako Gobernuak 2013. urterako ezarri zuen gehienezko zorpetzea gaindituko dutela bi gobernuek.
Espainiako Gobernuak orain arte soilik defizit muga bat hitzartzen zuen erkidegoekin. Haatik, aurten sistema aldatzea erabaki du, eta, defizitarekin batera, zorpetze muga bat indarrean jartzea erabaki du. Helburuak joan den uztailaren 31n egindako Zerga eta Finantza Politikorako Kontseiluan jakinarazi zituen. Hasiera batean, EAEri eta Nafarroari dagozkion erabakiak beste organo batzuetan hitzartu behar dira—Kontzertuaren Batzordea EAEn, eta Koordinazio Batzordea Nafarroan—, baina haientzako helburuak ere jarriak ditu Ogasun Ministerioak.
Gobernuek igorritako datuak erabili ordez, Montororen ministerioak Espainiako Bankuarenak baliatu ditu. Sistema ia mekanikoa ezarri du: 2011. urteko itxierako datuak hartu, eta 2012. eta 2013. urterako baimendu duen gehienezko defizita gehitu dio. Horren arabera, EAEk 6.701 milioi euroko zorpetzearekin amaituko du 2012, eta Nafarroak, 2.733 milioi eurorekin. Heldu den urtean, berriz, muga 2.904 milioi euro da Nafarroarentzat, eta 7.309 milioi EAErentzat. Horrek esan nahi du dagoeneko Nafarroa muga horretara iritsi dela, eta Jaurlaritzak ere ez duela beteko, ez bada zorra arinegi kitatzeko ahalegin ikaragarri baten bidez.
Egonkortasun Lege berrian oinarritu da gobernua defizit eta zorpetze mugak indarrean jartzeko. Erabili duen sistemak eta uztaileko iragarpenak sutan jarri zuen Eusko Jaurlaritza, eta alde bakarreko erabakia zela ohartarazi zuen. «Guri ez dagokigu hor erabaki dena», esan zuen Carlos Agirre Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak. Hots, Lopezen gobernuak ez zuen inolako asmorik aurrekontua muga horien arabera egituratzeko.
Jaurlaritzaren kasuan, kalkulua bera oso zalantzazkoa da. Izan ere, Espainiako Ogasunak 2011. urteko itxiera erabili zuen mugak jartzeko, eta aurtengo lehen hiruhilekoan aintzat hartu ez diren 500 milioi gehitu zitzaizkion EAEko zorrari, BEC eta Alokabide sozietate publikoei zegokiena.
Nafarroako defizita
Ez da Hego Euskal Herriko gobernuek Madrilekin duten ezadostasun bakarra. Kontuan hartu behar da hiru finantza sistema ezberdin direla, eta, parez pare jarri nahi diren kasuetan, interpretazio eta baliokidetasun arazoak sortzen dira. Azken adibidea urteko lehen seihilekoan Nafarroak izan duen defizitari buruzko polemika da.
Ostegunean egindako agerraldian, Ogasun Ministerioak jakinarazi zuen %2,5 izan dela ekainera arte Nafarroaren defizita. Alegia, urte osorako iragarrita zegoena baino puntu oso bat gehiago. Edonola ere, datu horri ñabardura batzuk egin behar zitzaizkiola onartu zuen Antonio Beteta Administrazio Publikoetarako estatu idazkariak, dinamika fiskal eta ordainketa egutegi propioaren ondorioz. Hori aintzat hartuta, defizit «erreala» %1,1 inguru izan zela argudiatu zuen.
Nafarroako Gobernuak, berriz, ez du onartzen ez zenbateko bat, ez bestea, eta azalpenak eskatu dizkio Ministerioari.
Lourdes Goikoetxea Ogasun kontseilariak Nafarroa alderaketatik kanpo uzteko exijitu zuen. «Datuak ez badira homogeneoak, eta Nafarroak beste eredu bat badu, alderaketatik ken dezatela, bestela erkidegoaren egoera desitxuratzen delako eta gizartean alarma sortzen delako».
Nafarroa, zorpetze mugaren gainetik
Espainiako Gobernuak 2013. urterako ezarri zuen gehienezko zorpetzea gainditu du Barcinaren gobernuakJaurlaritzak ahalegin handia egin beharko du Ogasun Ministerioaren muga betetzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu