Araba, Bizkai eta Gipuzkoan atzeraldirik - hots, bi hiruhilekojarraian hazkunde negatiboa -
ez da gertatuko, Euskadiko Kutxaren ustez. Hala ere, barne produktu gordinak (BPG) oso igoera eskasa izango du, %0,6. Joseba Madariaga finantza erakundeko ikerketa arduradunak egoera oso aldakorra dela azpimarratu du. Hala, aurreikuspen baikorrenen arabera, posible litzateke hazkundea %1 inguru izatea. Aldiz, aurten bezala ekonomiaren ustekabe guztiak okerrerako badira, hazkunde hori %0,2ra mugatuko litzateke.
Edonola ere, Euskadiko Kutxaren aurreikuspen onenak ere Eusko Jaurlaritzak orain arte erabili dituen datuen azpitik daude. Hain zuzen ere, datorren urterako aurrekontu proiektuan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hazkundea %1,5 izango dela kalkulatu du gobernuak. Datu hori joan den astean aurrekontu proposamenari egindako osoko zuzenketak eztabaidatzeko saioan berretsi zuen Idoia Zenarrutzabeitia lehendakariordeak, zuzendu gabe.
Jaitsiera esanguratsuak
Nafarroari dagokionez, atzeraldia espero du Euskadiko Kutxak 2009. urtean. Kasu horretan, urteko BPGak %0,6 atzera egingo duela uste dute. Dena den, Hegoalde guztian antzeko garapena izango dute aldagai nagusiek. Ildo horretan, industriak eta eraikuntzak atzera egingo dddute, nabarmen, herrialde guztietan. Haatik, zerbitzuetan oinarrituta Araba, Bizkai eta Gipuzkoak atzeraldiari ihes egingo diote.
Barne eskaeraren ahulezia areagotu egingo da, nahiz eta Nafarroan kontsumoa hamarren batzuk igo. «Familien errenta eta aberastasuna murriztuko da, energia produktuen prezioaren jaitsierak orekatuko ez duena», Madariagaren hitzetan. Enpresei dagokienez, eskaera motelak errentagarritasun aurreikuspenak hondoratuko ditu, eta, horren ondorioz, inbertsioek behera egingo dute.
Lan merkatuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan enpleguak sortzen jarraitzeko duen gaitasuna «agortzear» dagoela ohartarazi du Madariagak. Langabezia tasa handiagoa espero du Euskadiko Kutxak, baina neurrizko igoera izango litzateke, Espainiako EPA inkestaren arabera gaur egun duen %6,3ko tasatik %7,1era.
Nafarroan, berriz, enpleguaren suntsiketak erritmo bizia izango du, eta langabeen portzentajea hiru puntu baino gehiago handituko da, 2009. urteko bukaeran %10eko muga gainditu arte.
Hondoa 2009an joko du
Euskadiko Kutxaren hipotesi nagusia da aurten krisi ekonomikoak hondoa joko duela. Horrek ez du esan, ordea, bat-batean ekonomia suspertuko denik. «Kostatuko zaigu ekonomiek duten ahalmenetik hurbil dauden hazkundeak lortzea, finantza krisiaren ondorioz», Elias Atutxa erakundeko zuzendariaren aburuz.
Izan ere, nazioarteko egoera hobetu baino lehen, finantza merkatuen ekaitza baretzea eta ziurgabetasuna amaitzea ezinbesteko baldintzak izango dira.
Arazoak arazo, eta krisiaren eragina ukatu ezin den arren, Araba, Bizkai eta Gipuzkoak oraingoz erauntsiari beste ekonomia batzuk baino hobeto eutsi diotela uste du Madariagak. Horren atzetik, haren aburuz, egitura ekonomikoa bera legoke. «Industria, hazkunde negatiboa izanagatik, oso irekia dago nazioartera, horrek produktibitatea handitzea exijitu dio, eta oso lehiakorra da». Era berean, eraikuntzak duen dimentsio txikiagoak - Espainiarekin alderatuta, esaterako - balazta efektua izan du. «Baina kontuz: horrek guztiak ez du erortzea eragozten, eta ez digu amaiera non dagoen ikusten utzi ere», ohartarazi du.