Nafarroako Gobernuak 2010ean ere diru laguntzak emango ditu auto berriak erosteko. Horrela, bat egingo du Espainiako Gobernuak atzo iragarritako laguntzen luzapenarekin. Nafarroako Gobernuak berak onartu du autoak erosteko laguntzak izango direla krisiari aurre egiteko bere planaren lehen zatiaren ardatzetako bat. Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du jakinarazi ea laguntzarik emango duen auto berriak erosteagatik.
Nafarroako Gobernuak 6,2 milioi euro aurreikusi ditu planean,eta horietatik 4,2 milioi euro auto berrien erosketak laguntzeko izango dira. 600 euro emango ditu auto berri bat erostean, betiere autoak kilometroko 161 gramo CO2 baino gutxiago isurtzen baditu. Beraz, horri Espainiako Gobernuak ematen dituen 500 euroak eta auto ekoizleen mila euroak gehituz gero, Nafarroan auto berria erosten dutenek 2.100 jasoko dituzte. Auto berriak kilometroko 101 gramo CO2 baino gutxiago isuriz gero, Nafarroako Gobernuak 1.200 euro emango dizkio erosleari. Diru laguntza guztiak batuz gero, 2.700 euro.
Alvaro Miranda Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren esanetan, 2009an aplikatutako Renove planaren arrakastak bultzatu du Nafarroako Gobernua 2010ean ere laguntzak ematera. Nafarroako Gobernuaren arabera, aurten abendura bitartean ia 13.000 auto saldu dira, iaz baino %12,4 gehiago, eta kontzesionarioetan 350 lanposturi eutsi zaie laguntzei esker. 7,4 milioi euro eman dituzte laguntzetan.
Teknologia eta energia
Autoak erosteko laguntzez gain, krisiaren kontrako planaren bigarren ardatza teknologia berriak eta energia eraginkortasunaren aldeko neurriak dira. Baina udalek laguntza jaso ahal izateko aurretik Espainiako Gobernuaren E Planaren laguntzak jaso beharko dituzte. Teknologia berriei edo energia eraginkortasunari buruzko proiektuak izanez gero, Nafarroako Gobernuak %15-30 gehiago inbertituko du proiektu berrietan.
Nafarroak autoak erosteko laguntzetan oinarrituko du krisiaren kontrako plana
600 euro emango ditu auto berria erosteagatik, kilometroko 161 gramo CO2 baino gutxiago isurtzen baditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu