Ondare zerga berriro martxan jartzeko asmoa duela aurreratu du Espainiako Gobernuak. Haatik, horrek ez du ezinbestean esan nahi berehala indarrean jarriko denik. Horren kudeaketa erkidegoen eskuetan dago, eta bakoitzari dagokio azken hitza. Euskal Herrian, Nafarroako Gobernuak iragarri zuen besteek zer egin ikusi arte itxarongo dutela. Gutxi gora behera, Bizkaiak joan den astean jakinarazi zuen jarrera bera.
Nafarroako Ekonomia eta Ogasun sailburuak, Alvaro Mirandak, ez zuen baztertu ondarea berriro zergapetzea, baina ez du bere kabuz abiatzeko borondaterik. Izan ere, PP neurriaren kontra dago, eta gaur egun Euskal Herria inguratzen duten lurralde guztietan gehiengoa du. «Pentsatu beharko genuke zer egin, ez dadila gerta geu hemen ezartzea eta besteek ez, eta horregatik ondarerik eta zergarik gabe geratzea».
Orain dela hiru urte, zerga ezabatzea erabaki zuen Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak. Gero, urrats bera egin zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, baita Nafarroako Gobernuak ere. Erabaki hura «garairik txarrenean» hartu zela azpimarratu zuen Mirandak, eta UPN aurka zegoela gogorarazi zuen.
Bizkaia, besteen atzetik
Mirandaren antzeko tesia erabili zuen Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldunak joan den astean, bere ikuspuntua azaltzeko. «Ez dugu besteak baino lehenago ezarriko zerga. Akaso, besteek onartu eta hurrengo egunean egin genezake, baina ez aurretik», azaldu zuen. Helbide fiskala mugitzea oso erraza dela azpimarratu zuen Bilbaok, eta zergapekoak galtzeko arriskua benetakoa dela.
Nafarroak ez du bere kabuz hasiko ondare zerga ezartzeko prozesua
Espainiako Gobernuak berriro martxan jarri nahi badu ere, azken hitza erkidegoek dute, eta PPkoak aurka daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu