Nafarroako batez besteko soldata inoizko handiena da: 1.824 euro

Joan den urtearekin alderatuta, %1,7 handitu da Nafarroan, eta %1,5, berriz, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban; hiru horietan, ordea, txikitu egin da erosteko ahalmena, Adeccoren ikerketa baten arabera.

Bi langile Gasteizko tranbia zabaltzeko lanetan. DAVID AGUILAR / EFE
Paulo Ostolaza.
2019ko abuztuaren 28a
19:11
Entzun

Batez beste, 1.973 euroko (+%1,5) soldata gordina jasotzen dute hilean Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako beharginek, eta 1.824 eurokoa (+%1,7) Nafarroakoek. Zenbakiak gehitu egin dira iaztik, eta, Nafarroako kasuan, estatistika horiek jasotzen direnetik inoiz erregistratu den kopururik handiena da.

Adecco Group institutuak argitaratu ditu datuak, eta lan baldintzekin lotutako beste zenbait aldagai ere kontuan hartu ditu txostenean. EAEn soldata handitu den arren, deigarria da 251 puntu jaitsi dela batez besteko soldataren erosahalmena, 2017ko datuekin alderatuz gero. Nafarroan, berriz, 199 puntu handitu da gaitasun hori.

Langabezia kontuetan, Europako datuekin alderatuta, deigarria da EAEn lanik gabe daudenetatik %40,6 bi urtean baino gehiagoan daudela hala, Europako Batasuneko batezbestekoa %26,4 baita.

Lan istripuak goraka ari dira oraindik ere, Nafarroan nagusiki. Joan den urtean baino %11,5 gehiago erregistratu dira aurten (83,8 istripu 10.000 langileko), eta, 2013arekin konparatuta, %51 gehiago izan dira. EAEn behera egin dute azken urtean (%4,2 gutxiago), baina 2013an baino %9 gehiago kasu horretan ere.

Lan istripuen bide beretik doaz grebak ere. Nafarroan, ia bikoiztu egin dira lan gatazkak (%99 gehiago iaz baino), eta 100.000 enpresako 102,1 gatazka izan dira; zenbaki hori 98,4 da EAEn (+%22,8). Halere, azpimarratzekoa da greba kopurua nabarmen handituagatik asko txikitu dela greba egin duten langileen kopurua ere: Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban iaz baino %38,8 langile gutxiagok egin dituzte geldialdiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.