Nafarroako Estatistika Institutuak kaleratu dituen datuen arabera, urteko lehen hiruhilekotik bigarrenera %0,4 txikitu da barne produktu gordina. Hobekuntza txiki bat bada urtearen hasieraren aldean, orduan %0,6 uzkurtu baitzen ekonomia. Beherakaren erritmoaren moteltzea ikusten da urte arteko datuetan ere: 2013ko lehen hiruhilekoan %1,7 txikitu zen BPGa aurreko urtearekin alderatuta, eta %1,6 urteko bigarrenean. Atzeraldia gehiago moteldu dela erakusten duten zenbait zantzu ikusi dira azken asteotan, baina datu negatiborik ez da espero urte amaierara arte.
Kontsumoaren jaitsierari zor zaio hazkunde negatiboaren zati handi bat. %3 jaisten ari da urte arteko tasan.
Sektoreei erreparatuz gero, industriak atzeraldian jarraitzen du, haren jaitsiera erritmoa %4,5etik %3,6ra jaitsi bada ere. Esportazioak gora egiten ari dira. Zuloan jarraitzen du eraikuntzak, %4tik %4,3ra handitu baita beheraldia. Zerbitzuetan bada alderik: merkatuari bideratutakoak %0,1 handitu dira, eta merkatura ez doazenak, %2 txikitu.