Jarduera ekonomikoak "sendo eta kementsu" jarraitzen du Nafarroan, eta horren erakusle da barne produktu gordinak urteko lehen hilabeteetan izan duen hazkundearen erritmoa. Aurreko hiruhilekoarekiko %1 hazi da herrialdeko BPGa, eta joerak hobeto islatzen dituen urte arteko tasan, berriz, hazkundea %3,3ko izan da.
Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko lehendakariordeak azaldu duenez, hazkunde horrek gainditu egin ditu Foru Gobernuaren aurreikuspenak. Urtarrila eta otsaila "bereziki onak" izan direla azaldu du lehendakariordeak, eta martxoko adierazleak nahasiak direla. Enpleguaren eta gizarte segurantzarako afiliazioen bilakaera onak azpimarratu ditu Aierdik, atzo jakindako INEren datuak "espero baino txarragoak izan arren". Urtarrilean, aspaldiko urteetako afilizioaren beherakada txikiena izan da Nafarroan, eta, otsailean, aspaldiko urteetako afiliazio igoera handiena.
Enpleguaren bilakaera horretan industria sektoreak izan duen pisua azpimarratu du Aierdik. Hiru afiliatuetatik bat sektore horretan zegoen. Industria ekoizpenari eta esportazioei dagokienez, nekazaritza elikadurak, metalurgiak eta manufakturak dira industria jarduerari gehien tira egin diotenak. Automobilgintzan, ordea, apirilera arte itxaro beharko da Volkswagenen egindako aldaketen egiazko eragina ikusteko, bitartean ez baitira auto ekoizpenaren erritmo normalak iritsi.
Urteko hazkunde zifra zein izan daitekeen aztertzerakoan, nahiz eta beste zenbait erakundek goranzko mugimenduak egin aurreikuspenetan, foru gobernuak %2,7ko iragarpenari eutsi dio, baina ez dute baztertzen aurrerago aurreikuspen horiek hobetzea. Dena den, lehendakariordearen arabera, adi egon beharko da diru politikaren gogortze bati eta baita nazioarteko tentsio geopolitikoei.