«Bereziki konplikatua» izan da bigarren hiruhilekoa Alvaro Miranda Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilariarentzat. Aurreko hiruhilekoan baino %0,5 gehiago hazi da herrialdeko ekonomia, eta iaz baino %1,8 gehiago. Emaitzak, azkenengoak baino zertxobait okerragoak dira. Urtarriletik martxora bitartean ere %0,5 hazkunde izan zuen BPGk aurreko hiruhilekoarekiko, baina urte arteko igoera %2koa izan zen.
Datua «behar bezain ona» dela azaldu du Mirandak, eta urteko hazkunde aurreikuspena %1,7ean mantendu du. «Testuinguru ekonomikoa ezegonkorra eta aldakorra da, baina kopuru hori lortu dezakegu falta diren hiruhilekoetako hazkundeak baxuak izanda ere». 2007arekin ere egin du konparaketa Ekonomia kontseilariak. Krisia hasi aurreko azken urtetzat hartzen da hura. Zortzi hiruhilekotan jarraian egin du gora BPGk, eta orduko aberastasun guztia berreskuratu eta %1,2an gehitu du.
Nafarroak ez ezik, Eurostatek ere eman ditu hazkundeari buruzko datuak. Alemaniaren eta Frantziaren datu kaskarrak dira aipagarrienak. Aurreko hiruhilekoarekiko %0,1 hazi da aurrena, bigarrena batere ez. Lehen hiruhilekoan, %1,5eko igoera izan zuen Alemaniak eta %1ekoa Frantziak. Orduan ere ohartarazi zuten hazkunde erritmoa mantsotu egingo zela, batez ere urteko bigarren zatian.Alabaina, ez zen espero geldialdia hain bat-batekoa izaterik. Adituek Alemaniak %0,5eko hazkundea izatera espero zuten eta Frantziak %0,3koa.
Bi herrialde horiez gain, bigarren hiruhilekoan hazkunde apalak izan dituzte Europako Batasuneko gainerako ekonomiek ere: %0,2koa Espainiak, %0,3koa Italiak, %0,2koa Erresuma Batuak eta batere ez da hazi Portugal. 27 herrialdeen batez bestekoa aterata, %0,2koa izan da gorakada aurreko hiruhilekotik eta %1,7koa iaztik.
Neurri batean, datu horiek eragin zuten atzo burtsek behera egitea. %0,45eko galerak izan zituen Frankfurtekoak, %0,40ak Madrilekoak eta %0,25 Pariskoak.
Nafarroako ekonomia %0,5 hazi da apiriletik ekainera bitartean
Hazkundearen erritmo jaitsiera uste baino lehen iritsi da Europara; %0,1 hazi da Alemania, eta batere ez Frantzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu