Ekonomiaren hazkunde joera nabarmendu du Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariordeak, baina, aldi berean, azaldu du "iaz izan genuena baino hazkunde motelagoa" izango duela Nafarroako BPG barne produktu gordinak. Dena dela, ez du aukerarik ikusten ekonomia atzeraldian sartzeko.
Aurtengo lehen hiruhilkoan %0,6 egin du gora ekonomiak, eta azken hamabi hilabeteak aintzat hartuta %3,1ekoa da hazkundea. Lehen hiruhilekoaren hazkunde erritmoa mantenduz gero, %2,4koa izango litzateke 2016 osoko hazkunde tasa, iazkoa baino bost hamarren txikiagoa. 2015a %2,9ko hazkundearekin itxi zuen Nafarroak —tasarik handiena 2007az geroztik—, eta Uxue Barkosen gobernuak aurten ere hazkunde tasa hori bera errepikatzea espero zuen, besteak beste petrolio merkeari eta euro ahulari esker. Aierdik, hala ere, aurten hazkundearen erritmoa apaldu egingo dela ohartarazi du.