Nafarroako ekonomia %1,2 hazi da 2010ean

Mirandak nabarmendu du krisi aurreko aberastasun maila berreskuratu dela dagoeneko

Miren Garate.
2011ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Eusko Jaularitzak bezala, esku artean ditu hazkundeari buruzko datuak Nafarroako Gobernuak ere. Zuhur mintzatu zen herenegun Carlos Agirre Jaurlaritzako Ekonomia sailburua. Hazkundea oraindik ere «oso arina» dela ohartarazi zuen. Okupazioa igotzea espero du, baina adierazi du horrek ez duela ezinbestean langabezia tasa murriztea ekarriko, populazio aktiboaren hazkundea handiagoa izan daitekeelako proportzioan. Askoz baikorrago dago Alvaro Miranda Ekonomia kontseilaria. «Inongo zalantzarik gabe, 2011 enplegua sortzeko urtea izango da, langabezia iritsi da goiko mugara», esan zuen atzo.

Nafarroako estatistika erakundeak emandako datuen arabera, %1,2 hazi zen iaz barne produktu gordina. Seigarren hilabetez jarraian egin du gora, eta dagoeneko krisia hasi aurreko aberastasun maila errekuperatu dela nabarmendu zuen Mirandak. Industria susperraldi zantzuak ematen ari da, eta esportazioek nabarmen egin dute gora. Azarora bitarteko datuak ditu estatistika erakundeak. 2009ko kopuruekin alderatuta, %36 hazi zen atzerrira saldutako produktuen kopurua.

Eraikuntza ere hasi da mugitzen. 2010ean 2.870 etxe hasi ziren eraikitzen, aurreko urtean baino %14,2 gehiago. Salmentetan, berriz, %16,5ekoa izan zen gorakada. Mirandak azaldu du Nafarroak sektore guztietan lortu dituela Espainiak baino emaitza hobeak.

Espainiak, %0,1eko atzeraldia

Hain zuzen, INEk atzo baieztatu zuen %0,1eko atzeraldia izan zuela Espainiak. Asteazkenean emango ditu datu zehatzagoak. Espainiako Bankuaren arabera, susperraldia «mantsoa eta atzerriko eskaerekiko menpekotasun oso handikoa» izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.