Nafarroako ekonomia %1,5 igo da, industriaren bultzadari esker

Bigarren hiruhilekoan joera aldaketa indartu egin dela uste du Nafarroako Estatistika Erakundeak

jakes goikoetxea
Donostia
2010eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Nafarroako ekonomia bere onera bueltatzen ari da. Bai behintzat barne produktu gordina (BPGa) aintzat hartuz gero: %1,5 igo da urtebetean. Igoera %0,6koa izan da urteko lehen hiruhilekotik bigarrenera. Industriaren gorakadari esker batez ere, bere urte arteko igoera %4,8koa izan baita. Normalean zerbitzuak izan ohi dira hazkundearen oinarria, baina bigarren hiruhilekoan industria izan da.

Nafarroako Estatistika Erakundeak baieztatu egin ditu abuztuaren 13ko aurrerapenean emandako datuak. Uste du bigarren hiruhilekoko datuek indartu egin dutela iazko hirugarren hiruhilekoan hasitako joera aldaketa, hazkundea positiboa izan baita ordutik. Datua jakin ostean, Nafarroako Gobernuak hazkunde aurreikuspena %1era igotzea erabaki zuen. Bere kalkuluen arabera, herrialdeko BPGak krisia hasi baino lehen zeukan mailaren %99,4 berreskuratu du.

Industria izan da hazkundearen motorra. Garraio materialak nagusiki. Neurri apalagoan, industria metalikoak, papergintza eta egur eta altzarien industria. Industria produkzioaren indizeak %23,4ko igoera izan du iazko ekainetik aurtengora. Garraio materialek %96,4koa eta industria metalikoek %22,1ekoa.

Esportazioek hazkunde handia izan dute, %5,3koa; inportazioak, berriz, %3,5 handitu dira urtebetean.

Nafarroan industriari eta esportazioei buruz hitz egitea Volkswageni buruz hitz egitea da. Harenak dira Nafarroako esportazio guztien %32,8, Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo saltzen baititu egindako autoen %80-90. Gainera, hilabete onak izaten dira Landabengo lantegiarentzat, iazko udan Polo berria ekoizten hasi zenetik: inoiz baino auto gehiago egin ditu urtearen lehen erdian (186.505, iaz baino %76 gehiago), eta aurten inoiz baino gehiago egitea espero du: 331.501.

Baina egoera ez da hobetu Volkswagenentzat bakarrik. Nafarroako Estatistika Erakundeak nabarmendu du enpresak beren produkzio gaitasun handiagoa erabiltzen ari direla, eta enpresarioek produkzioa berreskuratzea espero dutela.

Industriaz gain, beste sektore gehienek ere hazkunde positiboa izan dute azken urtebetean: nekazaritzak %2,8koa, merkatukoak ez diren zerbitzuek %1ekoa, zerbitzuek eta merkatuko zerbitzuek %0,8koa eta produktuen gaineko zergek %0,7koa.

Eraikuntza okerren

Bilakaera negatiboa izan duen sektore bakarra eraikuntza da. %2,3 jaitsi da urtebetean, lehen hiruhilekoan baino lau hamarren gehiago. Hasitako etxe berrien kopurua eta emandako baimenena jaitsi egin baita. Hala ere, Nafarroako Estatistika Erakundeak dio eutsi egin zaiola etxeen salmentari, bai etxe berrienari, bai bigarren eskukoenari. Obra publikoek arindu egin dute, neurri batean, eraikuntzaren jaitsiera.

Kontsumoak ere gora egin du urtebetean, tasa orokorrak %0,6, familienak %0,5 eta administrazio publikoenak %1,3. Familien kasuan datua positiboa izan da, azken hiruhilekoetako datu negatiboen ostean (-%0,4koa izan zen lehen hiruhilekoan).

Lanpostuen urte arteko galera moteldu egin da: lehen hiruhilekoan %2,9 izan zen, eta bigarrenekoan, berriz, %0,6. Zerbitzuetan eta nekazaritzan lanpostuak sortu dira; industrian galera txiki bat izan da: %1,1ekoa; eta eraikuntzan, handiagoa: %11koa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.