Barne produktu gordina

Nafarroako ekonomia %2,6 hazi zen iaz

Hazkundea aurreko urtekoa baino motelagoa izan da, batez ere familien kontsumoa geldotu egin delako. 2020. urte honetan herrialdearen ekonomia %2,2ko haziko dela iragarri du foru gobernuak.

Urte amaieran nabarmen hazi da industri ekoizpena Nafarroan. Irudian, Landabengo VWren fabrika. VILLAR LOPEZ / EFE
Irune Lasa.
2020ko urtarrilaren 31
12:56
Entzun

Espero ziren zenbatekoetatik oso hurbil itxi du iazko urtea Nafarroako ekonomiak, %2,6ko hazkundearekin. Hazkunde mardula da oraindik, %2tiko gorakoa den heinean, baina aurreko urtean —2018an— iritsitako %3,2ko igoera baino sei hamarren txikiagoa. Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak hazkunde «esanguratsua» azpimarratu du, eta Espainiako BPGak izandako %2 igoerarekin alderatu du, baita Alemaniako ekonomiaren %0,5eko gorakadarekin eta Frantziakoaren %1,3koarekin ere.

Sektoreka, industriaren bilakaera positiboaren adierazleak izan ditu aipagai kontseilariak, eta, batez ere, industria ekoizpenak urri-azaroetan izandako %25,2 hazkunde ikusgarria, zeinak oinarritzat izan duen metalurgiaren eta garraio materialen jarduera. Esportazioek ere %6,3ko hazkundea izan dute. Aldiz, zerbitzuen sektorearen eta eraikuntzaren hazkunde erritmoak «leunagoak» izan dira.

Eskariaren ikuspegitik, hazkundearen bizitasun txikiagoaren oinarrian, familien kontsumo gastu motelagoa egon da batez ere, eta horrek barne eskariaren bilakaeran izandako pisua. Eta enpleguari buruz, Gizarte Segurantzako datuei begira, 2019. urtea aurrekoa baino 7.500 afiliatu gehiagorekin itxi du Nafarroak; hots, enpleguaren %2,6ko hazkundearekin. Langabezia %9tik azpira kokatu da urtearen amaieran.

2020an, «inflexio puntua»

Nafarroako Gobernuak 2020. urterako egin duen hazkunde aurreikuspena %2,2 dela azaldu du Elma Saizek. Haren ustez, Europako datuek erakusten dute «inflexio puntua» izango dela aurten, eta, moteltzea atzera utzita, ekonomiak «normalizatzera» joko duela. Hori bai, kontseilariaren arabera, hazkundeak murritzagoak—%2tik azpikoak— izango dira Europako hainbat herrialdetan, hala nola Espainian, Alemanian eta Frantzian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.