Nafarroako Kontu Ganberak herrialdeko enpresa publikoen zorraren inguruko azterketa egin du, Nafarroko Gobernuaren zorraren eboluzioaz egin zuenaren gehigarri moduan. Legebiltzarreko ponentziari jarraikiz, enpresa publikoen zorra zertan den aztertu du ganberak 2012. urtetik 2015. urtera, eta 2001etik huts egindako bermeak ere agerian utzi ditu. Erdira jaitsi da zorra hiru urtean, Kontu Ganberaren arabera: 412 milioi eurotik 204 milioi eurora. Enpresa publikoek bankuekin duten zorra modu nabarmenean jaitsi da, halaber, 368 milioitik 176ra. Gainontzeko zorra enpresa publikoen artekoa da.
Datu gaurkotuago bat ere eman du Kontu Ganberak: 2017ko hasieran bankuekin zegoen zorra 160 milioi eurokoa zen. Lau elkarterena da zorarren zati handi-handiena. Sodena (102 milioi), Tuterako Ciudad Agroalilmentaria (31 milioi), NICDO (23 milioi) eta Nasuvinsa (1 milioi euro) dira zorra pilatzen duten enpresa publikoak. Sodenak 100 milioi euroko mailegua eskatu zion European Investment Banki, 2012an, Moderna planaren barruan hainbat enpresa txiki eta ertainen proiektuak finantzatzeko.
Bestalde, huts egindako berme publikoei dagokienez, 2015ean 39 milioi eurorenak ziren; horietatik 37 Nafincori eta Sodenari dagozkie. 2011n, izan ere, Sodenak hartu zuen bere gain Nafinco. Berme galdu horietako gehienak krisi garaian eman zituzten enpresa publikoek, 2011tik 2013ra hain zuzen, eta enpresa bakar batek berme guztien kopuruaren %44 eraman zuen. Gainera, enpresentzako mailegu bihurtu dira bermeen arteko hamabi milioi euro; hiru enpresek eraman dituzte maileguen kopuruaren %70.