Nafarroako Gobernua Europako Hurrengo Belaunaldia edo Next Generation funtsekin jokatzen ari den modua iluna iruditzen zaio LABi: salatu du parlamentuari berari «informazioa ukatzen» ari zaiola eta ez dela jakinekoa aurkeztu diren hainbat egitasmoen «jatorria» zein den eta horiek nola gauzatu nahi diren. Sindikatuarentzat ezinbestekoa da hori azaltzea, proiektu horiek erakunde publikoen babesarekin garatuko direlako.
«Gobernu zentralak lankidetza publiko-pribatua indartzea aurreikusten du, eta kontrol administratiboak nabarmen murriztu ditu horretarako. Baina kudeaketa administratiboaren arintasuna ez dator bat kontrolarekin eta gardentasunarekin. Bezerokerian eta ustelkerian erortzeko aukera paregabea eskaintzen du horrek», ohartarazi du Igor Arroyok, LABeko idazkari nagusiaren ondokoak Iruñean egindako agerraldi batean.
Sindikatuak uste du Maria Txibiteren gobernua «elite ekonomikoen aldeko gobernantza» sustatzen ari dela, «elkarrizketa politikorako eta eztabaida sozialerako edozein aukerari ateak itxiz». «Gero eta jende gutxiagok ulertzen du, gehiengo sozialaren beharrei erantzuteko erabili beharrean, diru publikoko ehunka mila milioi euro esku pribatuetan jartzea».
Arroyok adibide gisa jarri du Volkswagenek Espainiako Gobernuari egin dion ohartarazpena. «Enpresak esan du Landabenen jarraitzeko konpromisoak behar dituela: Europako funtsetatik datozen laguntza publikoen zati bat nahi duela, eta, ziurrenik, lantaldeak murriztu beharko dituela».
LABen ustez, Nafarroako Gobernuak trantsizio ekologikoarekin lotu ditu egitasmo horiek, baina orain arte ezagutarazitakoak agerian uzten du bere benetako asmoa «kapitalaren eta enpresari handien hazkunde ekonomikoa bideratzea» dela: «Nafarroako kapitalismo berdea irudikatzen duten proiektuak dira».
Arroyoren arabera, Txibiteren gobernua agerian uzten ari da ez duela benetako gaitasunik Europako funtsak negoziatzeko eta horien kudeaketan eta erabakietan zuzenean parte hartzeko; «azken hitza» Espainiako Gobernuak izango duela nabarmendu du. Ohartarazi du funtsek datozen urteetako politika publikoak «goitik behera baldintzatuko» dituztela, horien truke Europako Batzordeak «hainbat baldintza eta orientabide estrategiko» ezarriko dituelako: «Funtsak, konfiguratuta dauden moduan, presio tresna indartsuak dira».