Bihar arteko epea zuen Nafarroako Gobernuak Altsasuko Sunsundegui enpresa erosi edo ez erabakitzeko. Bi egun lehenago jakinarazi du baietz, erosi egingo duela, Sodena enpresa publikoaren bidez. Dena den, Lurdes Goikoetxea Lan eta Industria kontseilariak zehaztu du «aldi baterako neurria» dela, erosle bat aurkitu bezain pronto saldu egingo dutelako berriro.
Hiru aukera jarri ditu mahai gainean Nafarroako Gobernuak: industria arloko norbaitek erostea Sunsundegui; gaur egungo zuzendariak egitea haren kargu; edo langileek kooperatiba bat sortzea. Hiruretako edozein eskaintzari buruz hitz egiteko prest agertu da, baina gobernuak aurrenekoa lehenesten duela azaldu du, «enpresari eta lanpostuei eusteko egokiena delako». Era berean, aitortu du dagoeneko ari direla aukera batzuk negoziatzen. «Haietakoren bat nahiko gauzagarria izan daiteke, eta gauzatzekotan, luze gabe litzateke, baina ez dut itxaropen faltsurik sortu nahi».
Autobusak egiten ditu Sunsundeguik, eta azken bost urteetangainbehera ekonomikoa izan du: 2006ra arte, enpresak irabaziak zituen, baina hurrengo hiru urteetan produkzioa handitu bazuen ere, galerak pilatu zituen. 2008ko udazkenetik, berriz, krisiak arazo horiek sakondu zituen, eskariak %40 jaitsi zirelako. 2009ko urrian, enpresaren akziodunek Nafarroako Gobernuaren gain utzi zuten enpresaren kontrola eta kudeaketa. Bi urteotan, gobernuaren helburua izan da Sunsundegui ekonomikoki bideragarri egitea. Alabaina, egiturazko arazoak ez dira konpondu, eta gaur egun 18 milioi euroko zuloa du enpresak.
Gobernuak Sunsundeguin egindako inbertsio handia nabarmendu du Goikoetxeak. 2009ko urritik 25 milioi euro jarri ditu berme eta maileguetan, eta hurrengo sei hilabeteetan beste hiru milioi euro beharko direla kalkulatu du. 275 langile ditu enpresak, eta berezko gaitasunaren %60an ari dira ekoizten. Autobus modelo berri batean dauzkate jarrita itxaropenak, eta lanak nahiko aurreratuta daude. «Sunsundeguik produktu ona du, baina hobetu egin behar da», esan du Goikoetxeak.
40 langile kalera
ELAk eta UGTk txalotu egin dute erabakia. Urriaren 7an akordio bat sinatu zuten bi sindikatu horiek zuzendaritzarekin. Besteak beste, 40 kaleratze, lan jardunaldiak egokitzea eta %10 eta %20ko soldata jaitsierak biltzen ditu akordioak. Horri esker gobernuak urratsa egin duela esan dute batak zein besteak. «Behin betiko konponbidea lortzeko lehen pausoa izan da, baina atzetik gehiagok etorri behar dute. Inbertsiogile bat topatu behar da», esan du ELAk. Bost ordezkari ditu langile batzordean, UGTk bezala. Azken horrek ere erosleren bat aurkitzeko eskatu du.
LABek hiru ordezkari ditu, eta ezkorrago agertu da. «Kontseilariak esan du behin-behineko erabakia dela, baina enpresa arriskuan dago oraindik. Arrazoi genuen, ELA eta UGTren akordioak ez du ezertarako balio izan». Astelehenean 40 langile kaleratuko dituztela gogoratu du sindikatuak.
NaBairentzat, erabaki garrantzitsua da Sakanaren geroarentzat, bestela, langabezia nabarmen igoko zelako. Dena den, behin-behineko neurria izateak «kezka» sortzen diola azaldu du Manu Aierdi legebiltzarkideak. Bilduk esan du gobernuak oraindik ez duela erantzun egokirik eman.
Nafarroako Gobernuak erosiko du Sunsundegui
«Behin-behineko neurria» dela esan du Goikoetxea kontseilariak; erosle bat aurkitu eta lehenbailehen saldu nahi dutelakoELAk eta UGTk txalotu egin dute erabakia; LABentzat, berriz, ez da ezer konpondu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu