Kontzertu eta Hitzarmen Ekonomikoa

Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoaren akordioa aurten lortzea espero du Cristobal Montorok

Espainiako Ogasun ministroaren arabera, oraindik badago astia Kongresuak Kupoaren Legea eta Kontzertuaren moldaketa onartzeko. Aitor Esteban EAJko parlamentariak "lehenbailehen" egiteko presatu du.

Cristobal Montoro eta Aitor Esteban, gaur Espainiako Kongresuan. JAVIER LIZON / EFE
Irune Lasa - Joxerra Senar
2017ko urriaren 18a
15:27
Entzun

Maiatzean adostu eta uztailean sinatu zituzten Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak hurrengo bost urte hauetarako Kupoaren Lege berria eta harekin lotutako Kontzertu Ekonomikoaren moldaketak. Itunak, gero, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan berretsi ziren, uztailean bertan.

Legeak indarrean ezartzeko, hala ere, azken tramitea behar du, Espainiako Kongresuaren oniritzia. Eta Cristobal Montorok oraindik ez ditu lege proiektuak Kongresura bidali. Horri buruz galdetu dio Ogasun ministroari gaur Aitor Esteban EAJko parlamentarioak, Gobernuari egiten zaion kontrol saioan, ea noiz eraman behar dituen gaiok Gorteetara, han onartuak eta bozkatuak izan daitezen.

Montororen arabera, "Espainiako Gobernua leiala da bere konpromisoarekin", legeok onartuta egongo direla "urtea amaitu aurretik". Ogasun ministroak ez du, hala ere, data zehatzik eman. "Badaukagu astia egiteko, ez dago zertan larritasunez ibili, ez digu egutegitik ihes egin". Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoarekin ere gauza bera egingo dela esan du Montorok.

Estebanen ustez, ordea, "presa dago". Besteak beste, Montorori gogorarazi dio "Euskadiko aurrekontuak bi lege horien moldaketaren mende" daudela. EAJko parlamentarioak ez du ulertzen zergatik atzerapena eta kezkatzekoa iruditzen zaiola nabarmendu du, "ez delako alderdien arteko akordio bat, erakundeen artekoa baizik".  Lege proiektuak Kongresua "lehenbailehen" bidaltzeko presatu du jeltzaleak Ogasun ministroa. "Har ezazu aintzat egin dizugun galdera; nik zure erantzuna aintzat hartuko dut".

Nafarroan, "pozik"

Ogasun ministroaren hitzok ongietorriak izan dira Nafarroan, eta "pozik" hartu ditu Gobernuak. 2015etik 2019ra bitartean Nafarroak urtero ordaindu beharreko ekarpenaren kalkulua hitzartzeko dute oraindik bi gobernuek. Iazko hauteskundeek zein Espainiako Gobernua osatzeko zailtasunek negoziazioak atzeratu zituzten.

Negoziazioak otsailean hasi ziren, eta Nafarroako Gobernuko iturrien arabera, arlo teknikoa bide onetik badoa ere, azken urrats politikoa ematea falta da. Hartara, azken asteetan negoziazioak kateatuta egon dira. Gaur goizean Montorok Kongresuan zehaztu du aurten lortuko dela akordioa eta aipatu du Kontzertu Ekonomikoari ezarritako "definizio berriak" Hitzarmen Ekonomikoari ere aldatuko zaizkiola. 

Montororen hitzei heldu zaie berehala Nafarroako Gobernua, eta begi onez hartu ditu. Goizeko gobernu kontseilu osteko bileraren ostean, Maria Solana bozeramaileak adierazi du adierazpenek "konpromiso irmoa" adierazten dutela. Solanaren arabera, bi aldeen arteko adostasunari azken bultzada politikoa falta zaio: "Ulertzen dugu hau dela bultzada hori". Solanak oso ongi hartu du adierazpena eta horren zain zeudela gaineratu du: "Arlo pribatuan akordiora heltzeko konpromisoa bazutela adierazten ziguten, baina une hori ez zen heltzen".

Hala ere, Solanak ezin izan du azken datarik eman. "Ez dakit guzti honek eramango ote duen Ministerioa, goiz edo beranduago, behin betiko data bat ematera", onartu du. Solanak azpimarratu du "lehentasunezko" gaia dela eurentzat. Kontuan hartu behar da, Nafarroako Gobenuaren ikuspuntutik, foru erkidegoak estatuari urtean behar baino diru gehiago ordaintzen diola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.