Diario de Navarra kazetak eman du gaur albistearen berri. Ekainaz geroztik hartzekodunen konkurtso aurreko egoeran zen Incita. Nafarroako Kutxak aurrena eta Banca Civicak ondoren, enpresaren akzioen %21 kontrolatzen zuten, baina Caixabankek Banca Civica bereganatzean, bankuak enpresako akziodun izateari utzi zion. Hor hasi ziren zailtasun ekonomikoak Incitarentzat.
2011n, 360 langile izatera iritsi zen enpresa. 112 beharginentzat lan erregulazio txosten bat aurkeztu zuen iazko abenduan.
129 langile kaleratuko ditu guztira enpresak; horietatik 108, Iruñean. Gainontzeko 21ak Madrilen diharduten beharginak dira. Lan egindako urte bakoitzeko hogei lan egunen kalte-ordaina pagatuko diete.