Goñiren iritziz, azkenaldian argitaratu den informazioa partziala da. Goñik dio berak zintzotasunez eta leialtasunez lan egin zuela Nafarroako gizartearentzat —2002. eta 2012. urteen artean izan zen Nafarroako Kutxako zuzendari nagusi—, eta akatsen bat egitekotan nahikoa azalpen ez ematea izan dela adierazi du. "Iritsi da garaia nire kudeaketa zein izan zen azaltzeko".
Azaldu du gutunean Banca Civica "etenik gabeko proiektua" izan zela, eta osatzen zuten lau kutxak integratzeko balio izan zuela; "ez zen alferrikakoa izan". "Kutxen sektorearen buru izateko jaio zen Banca Civica. Eskura izan genuen helburu hori 2011ko uztailean, burtsara atera ostean; baina hilabete geroago, abuztuan, finantza sektorea hondoratu egin zen, gaur egun oraindik ere jasaten ari garen atzeraldian".
Washingtonen bulegoa irekitzearen alde egin du Goñik, gainera, "eta ez Miamin Espainiako zenbait kutxak eta bankuk egin zuten moduan". Washingtonen AEBetako 300.000 "gizarte erakundeetatik" 30.000 daudela esanez argudiatu du erabaki hori. Asteartean Nafarroako Parlamentuan eman beharko ditu azalpenak.