Nafarroako CEN patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek Lan Arriskuen Prebentziorako Fundaziotik eratorritako 485.000 euro baino gehiago banatu dituzte euren artean, ELAk eta LABek gaur salatu dutenez. "Berriro zenbait erakunderen finantzaketa lehenesten dute, Nafarroako lan osasuna eta segurtasunaren arazoei beharrezko erantzun zuzena eman baino lehen", adierazi dute ELAk eta LABek. "Eskandulu hutsa da".
Biok jakinarazi dutenez, Nafarroako Osasun eta Segurtasuneko Kontseiluaren gaurko bileran hartu dute erabaki hori UGT, CCOO eta CENek.
"Diru funtsen jatorriaz eta bere kudeaketaz benetako eztabaida saihesteko asmoz, langile klasearen osasunean eta bizitzan hainbesteko garrantzia duen gai honen inguruko erabakiak hartzerakoan ELA eta LAB baztertu egiten dituzte. Madrilgo eredua ezarri nahi dute, porrot egin duen eredua", diote bi sindikatu abertzaleek.
LABek eta ELAk egungo eredu aldaketa exijitu dute kontseiluaren bileran. "Gizarte Segurantzaren Gaixotasun Profesionalen eta Lan Istripuetako Mutuek Nafarroan sortzen dituzten aurreikuspen funtsen soberakinak bertan geratu behar dute osorik, Lan Osasuna eta Segurtasunaren Nafarroako Kontseiluak berak zuzenean kudea ditzan".